(: Zuzenbidea)



                           Genero-indarkeriaren aurkako erronka: espezializazio judiziala



COVID-19a gure bizitzan bete-betean sartu den garaiotan, Nazio Batuen Erakundeak apirilean gogorarazi du genero-indarkeria itzalean dagoen pandemia dela, koronabirusaren krisia amaitutakoan ere gure artean iraungo duena. Horixe bera izan berri dugu hizpide Justizia ildo feministan biltzarrean, zeinetan genero-indarkeriari lotutako hainbat jakintza-esparrutako adituak bildu garen. Zehazki, biltzarrean genero-indarkeria kasuen trataera prozesala izan dugu aztergai; beste era batera esanda, aztertu duguna da zein argi-ilun dauden Espainiako epaitegietan genero-indarkeriari lotuta. Legelariok ez gara izan biltzarrean parte hartu dugun bakarrak, baina EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasle eta ikertzaileoi interesgarria iruditu zaigu gure arloari dagozkion zenbait kontu hemen azaltzea, herritar orori jakingarri irudituko zaizkizuelakoan.



Genero-indarkeriari buruz ari garenean, ez da ohikoa izaten Zuzenbidean adituak ez direnen iritziak ere entzutea edo irakurtzea. Zorionez, aipatutako biltzarrean diziplina ugaritako adituak batu gara; hain zuzen ere, psikologo, auzitegi-mediku, gizarte-langile eta beste hainbat profesionalen ikuspuntuak uztartu ditugu, beti genero-ikuspegia ardatz. Genero-ikuspegia izan da, beraz, guztion abiapuntu, elkargune eta helmuga. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua argi uztea genero-ikuspegia zeri deritzogun, ugariak baitira horri buruz zabaldutako uste faltsuak. Egiari zor, genero-perspektibak ez dakar emakumearen aldeko lerratze automatikorik, ezta gizonezkoen kriminalizazio arrazoitu gaberik ere. Genero-perspektibak berdintasuna du oinarri, eta xede du emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak identifikatzea. Hori horrela izanda, genero-ikuspegia ezinbesteko tresna da guztiok errotuta ditugun aurreiritziei muzin egiteko, bai halaber gizon zein emakumeen jarrerak ahalik eta modu objektiboenean tratatzeko eta epaitzeko. Izan ere, epaiketetan dira nabarienak bi sexuen arteko desorekak, eta helburu izan behar dugu eragile juridikoek egoera horiek ez larriagotzea.



Hori jakinda, geure buruari galdetu behar dioguna da ea nortzuk diren eragile horiek, maiz epaile eta magistratuak baino ez zaizkigu burura etortzen eta. 1/2004 Lege Organikoak, ordea, 47. artikuluan agintzen du genero-indarkeriari lotutako prozesuen parte diren langile guztiek jaso behar dutela prestakuntza espezializatua, genero-ikuspegia barne hartuta. Beraz, epaileez gain, gorago aipatutako adituek ere formazio espezializatua jaso beharko lukete. Alabaina, oraindik ez da behar adinako ahaleginik egin operadore juridiko horiek guztiak trebatzeko eta, batez ere, trebakuntza hori derrigorrezko egiteko. Egia esan, Botere Judizialaren Lege Organikoa irakurriz gero, badirudi genero-indarkerian espezializatutako organo guztietako epaileei galdatzen zaiela formakuntza berezia. Horrek pentsarazten diguna da genero-indarkeria kasuak epaitzen dituzten guztiek dutela legeak galdatutako formakuntza. Hori, ordea, oso urrun dago errealitatetik.



Askotarikoak dira paileen formakuntzaren gabeziak azaleratzeko balio dizkiguten argudioak, baina bada bat bereziki kezkatu beharko gintuzkeena: organo judizialen espezializazioa. Nahiz eta baiezta daitekeen organo espezializatuetako titularrak genero-gaietan trebatuak direla, ezin da inolaz ere esan genero-indarkeria kasu gehienak organo espezializatuetan aztertzen direnik. Gaur-gaurkoz, ia 400 dira Estatuko instrukzioko epaitegi arruntak, eta soilik 100 inguru daude espezializatuta (Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak edo EAIE deritze). Zigor-epaitegiei dagokienez, egoera are okerragoa da, 32 soilik baitira genero-indarkerian espezializatuak. Ia-ia esan daiteke epaitegi espezializatuak salbuespenezkoak direla, eta ez arau arau orokorra.



Azaldutako guztia gogoan izanda, funtsezkoa da gure aldarrikapenak birplanteatzea