bertsolaritza.





Txapelketak izan dira aurtengo Hitza Jolas jardunaldian landutako gaia. 



Bertsozale Elkarteko bazkide eta lagunentzat, zein bertsolaritza lantzen duten kazetari eta ikertzaileentzat, urteroko zita garrantzitsua da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hau.



Aurtengo gaia mamitsua izateaz gain, interes handia pizten duen horietakoa izan da. Eta horren erakusle izan da hitzaldi eta mahai inguruetarako batu den jende kopurua. 



Jardunaldiak, hiru egunetan, zortzi ponentzia nagusi eta hiru mahai inguru izan ditu. Ondorengo orrietan irakargai dauden ponentzietan, beraz, gaiak dituen alor guztiak, edo gehienentsuenak, jorratzen dira.



Hizlarien artean gaia ondo ezagutzen duten adituak egon dira, besteak beste: antolakuntza beharrak egiten dituzten Elkarteko langileak; gaia ikertzen diharduten unibertsitateko irakasleak; bertsolaritza lantzen duten kazetariak; talde teknikoetako -epaile eta gai-jartzaile taldeetako- kideak; eta, bertso eskoletako irakasleak.   



Baina zeri buruz ari gara txapelketei buruz ari garenean? Eta txapelketa edo txapelketak esatea komeni da?



Bertso plaza anitza da, eta saioak mota askotakoak izan daitezke: librekoak, saio musikatuak, bertso tramak, mahai bueltakoak, edo jaialdiak, esaterako. Aniztasun honetan, txapelketak plaza mota bat gehiago baino ez dira. Ezaugarri berezi batzuk dituzten plazak, edozelan ere. Gainontzeko saio gehienak ez bezala, Bertsozale Elkarteak berak sustatzen eta antolatzen ditu, orokorrean. Gainera, interes berezia sortzen dute bai bertsozaleen eta baita kazetarien artean ere, eta beraz, oihartzun berezia izaten dute. 



Plaza mota honek, gainera, askotariko ezaugarriak ditu, eta askotariko formak hartu ditzake. Txapelketa bakoitzak, beraz, bere ezaugarri eta helburu propioak izango ditu. Ez baita berdina txapelketa formala edo informalak izan; taldekakoa, bikotekakoa edo bakarkakoa izan; eskualde bati lotutatakoa, edo nazio mailakoa izan. 



Antolatzen den txapelketaren izaera edozein dela ere, eta plaza mota hau gehienetan Elkarteak antolatzen duela jakinik, azken honen helburuak kontuan hartuta antolatzen dira. Ondorengoak dira Elkartearen helburu nagusiak: bertsolaritza sustatzea, ikertzea eta geroratzea. Bertsolaritzaren ekosistema osoa eten gabe elikatzeko eta garatzeko ardura du Elkarteak, eta txapelketak, gainontzeko egitasmoekin batera, lagungarriak izango dira bide horretan. 



Txapelketek balio behar dute, bertsolariek bere bertsokeran jauzia eman dezaten. Elkarteak, horretarako, beharrezko baldintzak sortu eta bermatu beharko ditu. Horregatik, besteak beste, formatuen aniztasuna bilatuko da, bertsolari bakoitzari bere neurriko plaza eskaintzeko helburuarekin. Hau da, formatu informalekoak zein formalekoak antolatuko dira, parte hartzaile bakoitzak bere beharretara hobekien egokitzen den plaza izan dezan. 



Talde teknikoei dagokienez, txapelketek trebatzeko aukera eman behar diete epaile eta gai-jartzaile taldeei. Hau da, taldean beharra egiteko aukera eta formazioa eskaini behar dizkiete. 



Aipatutakoez gain, kulturgintzari eta euskalgintzari ekarpena egiteko helburua ere ez ahaztea komeni da. Horretarako, besteak beste, antolakuntza beharretan ipini beharko da azpimarra. Herrietako bertso eskolekin eta kultur elkarteekin egin beharko da lana, helburu geografikoa zaindu beharko da, lantzen diren gaietan ematen diren mezuak eta ereduak zaindu beharko dira, eta zelan ez, komunikazioa landu beharko da. 



Aurtengo Hitza Jolas jardunaldian gai hauek guztiak eta gehiago jorratu dituzte adituek, interesa izan dezakeenarentzat gozagarri. 



Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Sustapen arduraduna
