Zorioneko gaude. Bejondeigula. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa eta Ordre des architectes de lAquitanie erakundea sortu zirela laurogei urte bete direlarik, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskola sortu zela beste berrogei joan direlarik eta Euskadiko Arkitektura Institutua aspaldi abiatu zelarik, heldu da, azkenean, Hogeigarren mendeko euskal arkitektura, Bidasoaz alde banatan erakusketa. Hori gozatua datorkiguna.

Zorion eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte merezi arestian aipatu ditudan erakundeek, bi urtean ondu duten erakusketa ez ezik, haren inguruan iragarri dituzten jarduera osagarriak direla eta: hitzaldiak, adituentzako nahiz zaletuentzako jardunaldiak, eta jakinminak bultzaturik hurbilduko direnentzako bisita gidatuak. Programa anitza bezain oparoa, inondik ere, esku artean daukazun liburu eder honekin abiatuko dena.

Nola ote liteke gurean sekula egin ez izana Ipar eta Hego Euskal Herriko arkitekturak elkarren ondoan jartzeko, aztertzeko eta alderatzeko saiorik? Zer dela eta eman diote bizkarra elkarri bi arkitektura-tradizioek? Nolatan ukatu izan zaie alde bateko zein besteko euskaldunei mugaz bestalde hogeigarren mendean eraikiriko harribitxiak ezagutzeko bidea?

Erakusketak, besteak beste, Espainiako Bigarren Errepublika garaian eta Gerra Zibila atera aurretik, Nafarroa Garaian, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan egindako arkitektura arrazionalistaz gozatzeko bidea emango die Iparraldeko euskaldunei, zeinak txundituta geldituko baitira GATEPAC (Grupo de Arquitectos Técnicos para el Progreso de la Arquitectura) taldeko euskal partaideek bolumen puruak elkarrekin uztartuz osaturiko lan harrigarriekin: Donostiako Club Náutico-a (1931), Aizpuruak eta Labaienek egindakoa, Kikunbera etxea (1934), Arzadunek Bermeon eraikiarazitakoa, edota Luis Valletek, Irunen, Anguera Doktorearentzat 1932an proiektaturiko etxea; horiek eta beste asko, miresgarriak den-denak. 

Ipar Euskal Herrian egindako arkitekturari dagokionez, berriz, bestelako modernitate batekin egingo dute topo Bidasoaz hegoaldeko bisitariek: Parisko Beaux-Arts eskolan ikasitako arkitektoek egindako modernitate berezi bat, gozoagoa, zilegi bekit esatea, GATEPACeko kideenaren aldean. Hala nola Hego Euskal Herriko eta Espainiako arkitekto arrazionalistek, apaingarriak oro bazterturik, erabateko araztasunari eta austeritateari heldu zioten, Ipar Euskal Herrikoek 1925ean Parisen egindako Exposition Universelle des Arts Décoratifs erakusketan arrakasta handiz ezarririko lengoaia hartuko zuten aintzat: Art-déco estiloa, zeinean arkitektoek ez ezik, beiragileek, ebanistek, margolariek, altzarigileek eta zeramikagileek ere hartzen baitzuten parte, konposizio bitxi, eder eta sofistikatuak erdietsiz.

Horien artean dira Baionako Benjamin eta Benoit Gomez anaien lanak, hala nola Baionako Assurances Générales eraikin gotorra (1927), edota Joseph Hiriartek Ziburuko Bordagain auzoan, itsasertzean, proiektaturiko etxeak: Itzala (1924), euskal estiloan ebatzitakoa, Lehen Tokia (1925), zeinean Art-déco estiloa eta euskal estiloa maisuki bateratu baitzituen, eta amaginarrebaren enkarguz eraikiarazitako Leihorra etxea (1926): Jacques Gruber tolosarraren beirateek, Yvonne Serruis flandiarraren eskulturek eta Mauméjean anaien mosaikoek apainduriko artelan erabatekoa. 

Arkitektoek egindako planoak, mapak eta maketak; testuinguruaren berri emango duten panelak eta ikus-entzunezkoak; tokian-tokiko historialariek eta arkitektoek gidaturiko bisitak, Euskal Herriko nahiz Europatik ekarritako hizlari apartak; egundoko eskeintza, 2021. urtean zehar hiriburu guztietan ibiliko dena, eta era guztietako jendeentzat aberasgarri izango dena. 

Balio beza liburu honek, datorren guztia iragartzeko ez ezik, guztion ikusmina pizteko.