Hezkuntza.

___________________________________________________

        IKASKUNTZAREN PLANGINTZA LEHEN HEZKUNTZAN.  

       Aurreko urteetan, hainbat proiektu plazaratu ziren Buztintxuri ikastetxean. Denak izan ziren ikasturte berriari begira sortu zitezkeen premiei erantzuteko lanabesak. 2019-2020. ikasturtean esaterako, musikak ikasgeletan eduki zezakeen abantaila pedagogikoak aurkeztu ziren. Oraingoan, berriz, hirugarren zikloan, aste osorako plangintza egiteak duen garrantzia azpimarratuko dugu, oinarrian lan kooperatiboa eta indibiduala izango duelarik. Proiektu pilotoa da, ez da beste zentro batzuetan oraindik ezarri, baina hezkuntza-komunitate osoaren babesa dauka.

         Azken boladako ikerketek agerian jarri dute ikasleek ikaskuntza-erritmo eta -estilo anitzak dituztela. Frederick Gradnerrek (1984) adimen anitzen teorian, azpimarratu zuen zortzi inteligentzia-mota desberdin ditugula, besteak beste, intrapertsonala, interpetsonala, zinestesikoa, musikala, lengoaia oinarri duena eta matematikoa. Pertsonaren arabera, gaitasun horietako batzuk beste batzuk baino garatuago daude. Horrenbestez, ikasgeletan, ikasleek ohikoak dituzten testuliburuetako fitxak eginez gero, beti landuko lituzkete antzekoak diren konpetentziak: matematika eta lengoaia, alegia.

         Eskolaren xedea da ikasleak helduaroan izango duen bizitzan lehiakorra izatea, eremu guztietan: pertsonalean, sozialean, akademikoan eta profesionalean. Hortaz, txikitatik landu beharko litzateke lan kooperatiboa eta indibiduala. Garapen akademikoa eskuratzeaz gain, ezinbestekoa da kideekin elkarlanean aritzen jakitea: erabakiak adostea, lan-plangintza bat zehaztea, ikuspuntu propioak defendatzea eta bestearenak errespetatzea eta abar. 

          Lan indibidualaren esparruan, gure ikastetxean, ez genuke ohikoa den testulibururik jarraituko, ez baitute adimen anitzen lanketa sustatzen. Gainera, uste dugu irakaslea bera izan behar dela irakaskuntza programatu behar duena. Ikastaldearen arabera, edota ikasturtean ageri diren gabezien harira, tutoreak erabakiko luke zer bide eta neurri hartu edo baliabide erabili. 

          Lan kooperatiboei dagokionez, helburu nagusia izango da arazo-egoera bat planteatu ostean, ikasleek, taldean, eskatutakoari erantzun bateratua ematea. Taldelana premiatuko da, eta ez taldekide bakoitzak bere kabuz egindako lan propioaren bateraketa hutsala. Arestian esan bezala, abiapuntua arazo-egoera izango da, eta eginbeharrari zentzua erronka baten bidez emango zaio. Adibidez, jolas-orduan gertatzen diren borrokak eta desadostasunak (arazo-egoera) konpontzeko, 5.mailan bitartekaritza taldeak sortu dituzte, baina ez dute haien lana egiteko toki fisikorik eta zuzendariari gutuna idatziko diote (erronka) arazoari irtenbidea emateko.

          2020-2021. ikasturtean, bada, astelehenero, lehen orduan, irakasleak ikasleei aste osoko programazioa erakutsi eta azalduko die. Lanak bukatzeko epe-muga hurrengo astelehena izango da. Klaseko orduetan bukatu ez duenarentzat etxerako lan bihurtuko litzaioke, eta gainontzekoek ez lukete zereginik izango. Horrela, haien esku utziko da lanen antolaketa egitea: zailagoa egiten zaien lana eskolan burutzea, adibidez; edota etxekolanak izatekotan, asteko zer egunetan nahiago duten etxean lana bukatzea.

           Ikasturte berriari begira helarazten zaizuen proiektu hau, bereziki, ikasleen ikas-etiloak eta-erritmoak errespetatzeko da. Denok jakitun gaude ikasleengan nolako urduritasuna eta ezinegoa sortzen duen denboraz larri aritzeak eta irakasleak proposatutako ariketen aurrean trakets aritzearen ustea izateak.


                                                  Buztintxuri ikastetxeko koordinatzaile nagusia.
