ETXEBIZITZAREN ERABILERA ESKUBIDEA 



Erraz esaten da baina jada hamar urte igaro dira euskara hutsean burututako zuzenbideko aldizkari bat mundu mailan eredu izan zitekeela frogatzen hasi zinetenetik. Hamarkada bat finantzaketa kanpaina martxan jarri zenutenetik. Mende hamarrena Euskal Herriko zein nazioarteko adituak gurera gonbidatu zenituztenetik. Beraz, ezer baino lehen, zorionak Zuzenbide Aldizkaria eta eskerrik asko bertako arduradunei duela 10 urte hasi zenuten ibilbide oparoagatik. 



Berezia da bederatzigarrenaren ondoren datorren pandemia garaiko ale hau. Hala, sarri irakurri eta entzun dugunari men eginez (gizarteko arazoek abokatuongan profesionalki eragin zuzena izaten dutela ), egunerokotasunarekin lotura berezia duen gaia aukeratu da 2021eko alerako. Izan ere, konfinamenduaren eraginez bikote haustura kopuruak gora egitea espero den heinean, beharrezkoa da etxebizitza erabilera eskibidearen inguruan sortu ohi diren zalantzak argitzea.



Etxebizitza hainbat gelatan banatutako egitura fisiko hutsa baino gahiago da. Familia elkarbizitza gauzatzen den lekua da, eta horrek mugatuko eta baldintzatuko du bertan bizi direnen ingurua, seme-alabek zein eskolatara joan behar duten zehaztuz, adibidez.



Ohiko familian, hau da, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin bizi diren bitartean, arazoak izaten dira, noski, baina ez bikote haustura gertatzen denean bezain larriak. Orduan bestelako arazoak ere gehitu behar baitzaizkie ohikoei; izan ere, bikote haustura gertatzen denean, etxebizitzaren erabilera eskubidea nork izango duen, aitak edo amak, erabaki behar da. Horretarako, bikotekide ohiek Hitzarmen Arauemaile bat egiteko aukera dute. Dena den, adostasun faltan, ezinbestean, legean jasotako aukerak jarraitu beharko dira, hain zuzen ere, Kode Zibileko 96. artikulua Nafarroan eta 7/2015 Legeko 12. artikulua Euskal Autonomia Erkidegoan. 



Azken urteentan  baina, aldaketa nabarmenak jasan ditu etxebizitzaren erabilera eskubidearen gaiak. Izan ere, zaintza partekatua gero eta gehiago ezartzearen ondorioz, epaitegiek adierazi dute kasu horietan Nafarroan Kode Zibileko 96.2 artikulua analogiaz jarraitu behar dela. EAEn, berriz, zaintza partekatua legean berariaz jaso da. 



Aldaketa horietatik abiatuta, 2021eko Zuzenbide Aldizkariko alean, zaintza partekatua eta etxebizitzaren erabilera eskubidea ezartzen direnean sortu litezkeen arazoei eman beharreko irtenbideak aztertu dira. Izan ere, badituzte hurtsuneak aukeratu beharreko bi sistemek.



Aukeratu daitekeen lehen sistema habia bizitza izenekoa da. Modalitate honetan seme-alabek betiko etxebizitzan jarraituko dute, eta gurasoek pisu hori adin txikikoekin daudenean soilik gozatuko dute. Horregatik, egoera ekonomiko oso ona eduko behar da, edo, hori ezean, bestelako irtenbideren bat bilatu beharko da (pisukidea bilatzea, familiakoren batenenan geratzea...). Baina nork ordaindu beharko ditu etxebizitzan sortutako gastuak? Eta nola antolatuko da egoitzako garbiketa?



Bigarren sistema, berriz, txandaketa sistema da. Bertan, pisuaren erabilera eskubidea aitari edo amari ezarriko zaio eta beste gurasoak ez du etxebizitza hori inoiz disfrutatuko, nahiz eta seme-alabekin egon. Beraz, kasu honetan seme-alabak izango dira etengabeko etxe aldaketan ibiliko direnak. Hori dela eta, zein izango da beraien errolda? Zenbateko distantziara egon beharko du aitaren edo amaren pisu berriak?