0 urte bete ditu jada gure Itzultek aldizkari estimatuak, zorionak! Ibilbide luze eta oparoa urratu du Itzultekek, zertxobait nekeza eta bihurria ere bai. Aldaketa garaiak dira, aldaketa lasterrak eta iheskorrak, eta testuinguru horrek Itzultek aldizkaria ere harrapatu du, itzultzaileok bezala. Beti behar dugu eguneratu, azken albisteen berri izan, zeintzuk diren azken tramankuluak eta artikuluak, eta horretan bizkor ibili da Itzultek gure agerkari digitala, erreferentziazkoa egunean egon nahi duen edozein itzultzailerentzat.



Gogoan ditut hasierako garaiak, Bidemurritz kaleko bulego hits eta soilaren itzalean, zenbat ordu ez ziren joan bertan buru-belarri lanean, ni ere tartean, hasiera trakets samar hartan! Artean internet ez zebilen oso fin, eta aldizkariak euskarri fisikoa zuen. Beraz, lana ia bikoiztu egiten zitzaigun erredakzioan, maketazioan eta banaketan genbiltzan langile tristeoi, baina aktibista eta behargin maratzak genituen gure artean. Hori ez zen falta.



Bagenituen apaletan idazlan literario batzuk, atseginerako, jakintzarako, aisialdirako eta gogoetarako bitarteko. Aldiz, itzulpengintza giza senetik makina faktorera lerratzen hasi zen. Aldizkari fisikoarenak ere egin zuen duela bost urte, argitalpen lantaldearen kemen osoa aldizkari digitalera bideratzeko, a ze arindua! Gainera, hala formatua nola kolaborazioen kalitatea nabarmen hobetu ziren, eta byten bitartez ziztu batean mundu osora zabaldu. Fase horretan utzi nuen nik aldizkaria, itzulpengintzari beste adar batzuetatik heltzeko, unibertsitateko irakasle lanetan. 



Makroek, aplikazioek eta robotek gero eta protagonismo handiagoa hartu dute, baita aldizkarian aztertzen diren gaietan ere. Gailu horiek maite-gorroto ditugu, traba egiten digute, eta gauzak erraztu: egungo garai kontraesankorren zeinu bihurtu dira. 



Bide honetan guztian ez da jada albiste OLIa, Ordenagailuz Lagundutako Itzulpengintza, ohikoa baita. Internet bidezko beste aplikazio batzuek ere laguntzen digute, hala nola Euskalbar, lankidetzaren bitartez hazia eta hoberendua, askotan boluntario lanean, aldizkari honetan hasi ginenean bezala. Ez doa oharkabean, hala ere, pertsonak bazterrean geratzen hasi garela, eta beste bitarteko kementsu batek hartu duela protagonismoa, itzulpengintza automatikoak.



Arauetan oinarritutako itzulpengintza automatikoa ez zen nor hezur-harazgizko euskal itzultzaile baten aurrean. Aurrerapen bat izan zen hizkuntzen arteko lehian sartu eta aurrera egiteko, baina emaitza mugatua eta hala-moduzkoa zen. Itzultekek euskarazko beste produktu digital batzuk izan ditu bidaide, hala nola egunkariak, aldizkariak (espezializatuak zein dibulgaziokoak), eskolako testuliburuak eta euskarazko wikipedia bera. Haien corpusaren uberan garatu ahal izan ziren itzultzaile automatiko estatistikoak. 



Azken aldian, ordea, horiek ere zahar geratu eta gizakiok itzulpen automatiko neuronalak ditugu, lehiakide? Itzulpeneko post-edizioak dirudi itzultzaileen bide berria, eta horretan, irakurle, gizaki itzultzaileak makinaren adarra (edo makulua) dirudi, eta ez alderantziz. Bada, Itzulteken 10. urteurreneko zenbakian toki berezia izango dute gogoeta eta erronka horiek eta gaurkotasuneko beste hainbat azalpenek eta zirrikitu teknikok, nazioarteko aditu handien partaidetzaz. Zinez interesgarri eta mamiz beterik dator 10. urteurreneko Itzultek. Bizi bedi luzaro!