genero problematika



   Ehungintza-lantegien errautsen moretik klase-feminismoaren gorrira



Martxoaren 8ko pare bat grebek eta hamaika eztabaida gogogorrek loa kendu behar izan didate, behingoz, gaiari gogotik heldu eta emakume-auziaren gako nagusien ehizan abia nadin. Gurea zinez herri txikia bada ere, ezin uka dezakegu ikuspegi beste gai aurki ditzakegula genero-problematikan, eta horrek aberastu bezainbeste nahaspilatu egin dezake norberaren ideia. Aniztasun horrek, gainera, onetik bezainbeste du txarretik; askotarikoak noraeza ere badakar, eta artikulu honen bidez, ideien zurrunbilo horretatik ateratzeko bi gako aurkeztu nahi ditut: ikuspegi historikoa aintzat hartzearen eta feminismoa klase-ikuspegitik lantzearen garrantzia. 



Emakumearen zapalkuntzari behin betiko aterabidea bilatu nahi diogun honetan, ezinbestekoa da arazoaren muinera joatea. Edozein ikerketatan ohikoa den lez, arazoa bera identifikatzeko, ikuspegi historikoa kontuan hartzea da eman beharreko lehenego pausoa. Gauzak horrela, denboran atzera egiten badugu, bi mugarri aurkituko ditugu. Batetik, emakumea gizonengatik banatzen zuen muga fisiologiko soila, eta bestetik, ekoizpen-indarren garapenarekin sortu zen lanaren banaketa sexuala. Esan bezala, hasierako bereizketa-faktorea fisikoa zen; hau da, emakumea, bereziki, etxeko-lanez arduratzen zen; hare gehiago, esan daiteke horrek nolabaiteko prestigioa ere ematen ziola andreari. Geroago, ostera, ekoizpen-indarren aurrerapenarekin, emakumeen lan munduratzea gertatu zen, eta egoera horretan, andrea subjektu debaluatu bihurtu zen - etorkinekin eta umeekin batera -. Beraz, hasierako lanaren banaketa sexualari andreen menpekotasuna gehitzen zaio. Historiara begiratu ostean, eta lehenengo gakoarekin amaitu aurretik, garrantzitsua deritzot feminismoaren zenbait korrontetatik planteatzen ari diren gizon eta emakumeen arteko aurkaritza soilaren ideia horri - Patriarkatuan gizonak agintzen du. Ondorioz, emazteak zapalduak gara - errebisio bat egiteari. 



Adierazi dut historiak asko dioskula, eta aztertu ahal izan dugun lez, genero zapalkuntzaren oinarrian afera ekonomikoa dago. Hain zuzen ere, sistema kapitalistak historiatik eratorrikako generoen arteko bereizketa horiek guztiak boterearen gainbalioa hazteko erabiliko ditu. Gauzak horrela, eta oso kontuan izanda genero-auziaren zutabeetako bat botere ekonomikoa dela, ezinbestekoa da emakume langileen eta burgesen artean gai honekiko sor daitekeen desadostasuna mahaigaineratzea, eta horrenbestez, ikuspuntu interklasista konbatitzeko bitartekoak buruan izatea. Izan ere, lehengo, ekonomikoki ondo kokatutako emakumeek ere aurretiaz aipaturiko zapalkuntza historikoak pairatzen segitu arren, ez da ahaztu behar, emakume desjabetuek ez bezala, berauei aurre egiteko nahikoa bitarteko dituztela. Bigarrenik, andre langileen eta burgesen arteko klase interesak guztiz antagonikoak direla ulertzea garrantzitsua da, eta azkenek genero-auziaren beraren aurretik beraien klase-interesak babestuko dituztela. Beraz, andreen zapalkuntza gainditu nahi bada, genero-problematika klase-ikuspegitik landu beharko da.



Finean, historiaren aldarrikapena eta interklasismoaren gaindipena genero-zapalkuntza gainditzeko bi gako baino ez dira. Giltzarria, aldiz, komunismoa helburu izango duen benetako programa sozialista egikaritzeko bitartekoak martxan jartzea da. Historiak eman diguna eta klase-ikuspegia presente izanda, ehungintza-lategietan erre zituztenen errautsetatik askatuko gara.