Musika



Txostena: Datorren urteko ekitaldirako proiektu berriak



1. Sarrera



Musikene Goi mailako musika ikasketen zentruak hasierako ibilbide arrakastatsua egin duela esan genezake. Zentrua sortu zenetik 10 urte hauetan egindako lanari esker ondorengo hau lortu dela baiezta liteke:

- Espazioak ondo egokitzea

- Ikasketen programazioak osatu eta urterik urte hobetzea

- Puntako irakasleak kontratatzea 

- Ikaslego nahikorik erakartzea

- Eskaintza zabaltzea eta musika mota ezberdinetako espezialitateak finkatzea (klasikoa, jazz, blues, pop, folk musikak)



Behin sortze eta egokitze lana bukatuta eta irakaslego zein ikaslego orekatsua erdietsi ostean, Erakundearen ospe eta prestigioa zabaltzeko garapen-proiektua martxan jartzeko garai egokia heldu da.



2. Zer egin: proposamena



Testuinguru honetan bi proiektu abiatzeko proposamena luzatzen dizuet:



1/ Etnomusikologia departamentua sortzea bi helburu nagusiz, batetik euskal musika aztertu eta bestetik mundu-musiken ikerkuntzari ekin



2/ Musikene Saria martxan jarri, bienala, hau da bi urterik behin emango litzatekeena.



3. Zergatik eta zertarako proiektuok



1 Etnomusikologia Departamentua

Hiru arrazoi aipatuko ditut:

- Hutsune nabarmena dago ikerkuntza musika espezialitate honetan, bai Euskadin, bai Espainan, baita nazioarte mailan ere (agian arlo honetako erreferentzia egun Ipar Amerikako Kaliforniako Berkeley Unibertsitatea litzateke). 

- Euskadi mailan Jakiunde erakundeak eta Etxepare Institutoak zertxobait egin dute alor honetan, Etxepare institutoak batipat (2012 urtean bi liburuzka argitaratu zituen, Euskal musika klasikoa gaia zuen bata, eta Euskal folk, rock eta pop musika, bestea), ezer gutxi orokorrean eta aspalditxoan ez diote gaiari eutsi

- Europako Batzordearen azken 4 urteko I + G programan, musikari dagokion partean horretarako diru-iturria topa liteke.



2 Musikene Saria

- Datorren urtean Musikeneren10 urteurrena ospatzeko jardueren arteko puntakoa izan liteke Sari bienal horrekin hastea, kanpo-erlazioei begira erakargarri eta onuragarria gure Erakunderako eta erreferentziazko ekitaldia bihurtzeko anbizioaz (zergatik ez pentsatu aurtengo Donostiako Zinemaldia bezala 68. ediziora ailega litekeela?)



Zertarako baina? Gure ibilbidearen lehen etaparen ostean, Musikene proiektuari bultzada emateko eta barneko lan-taldeari ilusioaz kutsatzeko.



4. Nork eta nor: norekin kontatu



Etnomusikologia Departamentua sortzeko profesional egokia genuke Karlos Sanchez jauna, proiektua aurrera eramateko ezaugarriak betetzen dituen musikaria: Etnomusikologia aditu-aditua, nazioarteko profilduna, eleanitza,  pertsona dinamiko eta alaia eta talde-dinamitzaile apartekoa.



Sariari begira datorren urtean 1. edizioa antolatu eta ospatu nahi bagenu eta lehen proiektuarekiko erlazioa egin aldi berean, Oskorri taldea liteke hautagai aproposa. Honetarako 3 funtsezko argudioak:

- 44 urteko ibilbide luzean (1971-2015), lan eskerga egin du taldeak, 30 diska, 500 bat kanta eta 3.000 kontzertu baino gehiago ekoiztuz eta are gehiago publikoak atsegin izan du lan hori

- folk tradizioa berritu egin du eta bai balada ederrak baita dantza egiteko kanta arinak eskaini

- euren ibilbide luzean geldiune moduko kantak aukera litezke folk musikaren hainbat ezaugarriren erakusgarri eta Sariaren ekitaldirako erabili (kasurako, Gaztelugatxe, 1980, Salamancara, 1997, Gora eta gora beti, 2015ko bertsioa, agur-kontzertuen azken kontzertuaren bertsioa).



5. Ondorioa

Urte gorabeheratsuak igaro ditu Musikenek, zorionez askotxo izan diren oztopo guztiak gainditu ditugula esan genezake. Ikaslegoa zein irakaslegoa finkatu dira, finantziaketa- iturriak ere bai. Bultzada, berpizkundea, ilusioa indarberritzea, 10 urte horiek ospatzeko apostu indartsua egiteko parada heldu zaigulakoan luzatzen ditut 2 egitasmo horien proposamena.