Aurtengo ikasturte berrirako, gizarte-zientzietako fakultatearen ikerketak gazteen eta politikaren arteko loturak eta berarekiko egon ahal den desafekzioa aztertzea dauka helburu. Nolako jarrera duzue euskal gazteek politikarekiko? Datozen belaunaldiek aurrekoen konpromiso politikoari eutsiko diozue? Euskal nazioaren aldarrikapena bizirik mantentzeko gai izango zarete? Edota, kontrara, mundu globalizatuaren testuinguruan desagertuko dira Euskal Herriko adierazgarri nagusiak?  Azken urteotan jazotako zenbait gertakarik eta faktorek aztertuko ditugu, gazte jendea politikatik urruntzeko erabakiorrak izan diren edo ez ondorioztatzeko.. 



Aintzat hartu behar dugu, ordea, herriek, nazioek edota kulturek beren ibilbidea diseinatu eta aurrera egiteko ezinbesteko tresna dutela politika. Herria eraikitzen duten elementuak dira, zalantzarik gabe, herritarren jarduera ekonomiko, sozial, zientifiko eta kulturala; baina jarduera politikoa da elementu guzti horiek pilatzen duten indarra guztion ongizate bihurtzeko tresna. Eta politika demokratikoak, ezinbestean, herritarren parte hartzea eta konpromisoa eskatzen ditu. 



Hain zuzen ere, gazteen parte hartzea eta inplikazio maila historikoki altua izan da Euskal Herrian. Hamarkadetan, gazteen aktibazioa eta konpromisoa, oinarrizkoak izan dira  Euskal Herriaren zein herrigintzaren erresistentziarako eta eraikuntzarako Horiek gabe, ezinezkoak ziratekeen, euskararen aldeko borroka, ikastolen sorrera, Ez Dok Amairu taldea, gune autogestionatuak eta antimilitarismo, feminismo, zein ekologismoaren aldeko borroka. Eta gazteak izan ziren, hain justu, borroka horien sortzaile eta kudeatzaile nagusiak. 



Gaur egun, kontrara, gazteria politikatik urrun kokatzen omen da, ez ei dago atxekimendurik politikarekiko. Baina baieztapen hau borobilegia dela uste dugu egia esateko. Politika tradizionaletatik erabat aldenduta bazaudete, zein da arrazoia? Gako nagusietako bat izan daiteke erabaki politikoen zurruntasunak gizarte eraldaketa eragotzi eta espazio publikoan zuen parte hartzea baztertzen duela; gehiengo instituzionalak ez baitu politika ulertzen zuek bezela. Prozesu publikoetan parte hartzen duten gazteek politika eguneroko jarduera gisa ulertzeko joera dute, baina gehiengo instituzionalak ez du hori kontuan hartzen. 



Horrela, espazio publikoa kudeatzeko moduak gabezia demokratiko nabarmen uzten ditu agerian. Adibidez, eremu instituzionaletik landa garatzen diren parte-hartze prozesuetan iraganeko moldeak jarraitzen dira; eta, aldi berean, hausnarketetatik kanpo geratzen dira erabaki politikoetara hurbiltzeko eta politika ulertzeko era berriak. Horrek esan nahi du, erabaki politikoetara bestelako modu batean hurbiltzen diren pertsona orok ez duela bertan bere lekua aurkitzen. Sarri entzun ohi dugu, molde berriak «gazteen ongizatean pentsatuz» abiatzen direla. Baina egiaz, erabakiak hartzen eta kudeatzen diren mahaien bueltan zenbat gaztek hartzen du parte? Erabakiok, eragin zuzena daukate zuengan, baina ez dira zuekin elkarlanean adosten. 



Afera ez da gazteak politikatik urrun lerrokatzen zareten ala ez; arazoa zera izan daiteke, egungo politikariek agian ez zaituztela ordezkatzen? Gazteak afera politikoetan nola murgildu ahal zareten aztertuko dugu martxan jarriko dugun ikerketa berri honetan. Beraz, ildo horretan zer eginik badugula uste dugu, izan ere, historian izan den gazteriarik jantziena ezin daiteke bizi egoera politikoari bizkarra emanez.