hedabideak

-------------------------------------




GERTUKO ETORKIZUNERAKO BI MUGARRI (BEHARREZKO)



Hekimen Euskarazko Komunikabideen elkarteak, Behategiak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Euskal hedabideak 2020ko hamarkadan jardunaldien bikaintasuna azpimarratu nahiko nuke. Hitzaurre honetan jardunaldien errepaso bat egiten hastea izango litzateke egokiena baina eman didaten ohore hau ez nuke pasatzen utzi nahiko, eta horregatik, zuri, irakurle, bi erronka bota nahiko nizkizuke.



Lehena, euskarazko hedabideen lankidetzaren beharra. Euskal Herrian euskara hutsean lan egiten duten 60 hedabidetik gora daudela jakin genuen jardunaldietan: hedabide nazional bat, Berria; tokiko hainbat, tokian tokiko albisteak beren herri edo eskualdetik mundu guztira zabaltzen dituztenak; aldizkariak, nazio mailakoak eta gai jakin batzuen ingurukoak; hainbat telebista eta irrati; eta noski, interneteko atariak, eduki multimedia garatuekin. Hau guztia badugu, eta asko da, baina, horrez gainera, EITB ere hor daukagu, Euskal Irrati Telebista publikoa. Hitz berak esaten digu zer den, publikoa, eta noski, besteak zer ez diren. EITB-ren gaia zeresana sortzen ari bada ere, zauri horretan behatza sartzea ez da nire asmoa, ez behintzat leku eta une honetan. 



Batzuen alde onak zein txarrak aipatzen ez nahiz hasiko, horretarako momentua eta lekua ez baita, baina elkarren artean eta elkarrekin dugun aberastasuna azpimarratu nahiko nuke. Euskal Herri guztia bere osotasunean bildu eta lantzeko moduko sarea osatua dugu, bai, osatua dugu, profesional ugariz osatutako sarea gainera. Eta sare horri behar den bezalako zukua ateratzeko unea dela uste dut. Lehen ere uste horretan nengoen arren, jardunaldietako solasaldiek, iritziek, bertako partaideekin hamaiketakoetan egindako elkarrizketek... zukua ateratzeko benetako unea orain dela baieztatu didate. Eta hemendik hori bultzatu nahiko nuke, Euskal Hedabide guztien mahai bat osatzea. Ni prest nago!



Eta bigarrena, finantzaketa publikoaren indartzearen beharra. Ziur nago lehen puntuarekin guztiok ados egongo garen arren, euskal munduko herritarren artean behintzat, oraingo puntuarekin adostasun hori ez dudala lortuko. Baina zilegia da. 



Hedabide euskaldun eta ez publikoak kontuan hartzen baditugu, 60 hedabideetatik gora daude, 500 langile inguruk lan egiten dute, enpresa kudeaketa zuzen eta egokiak aurrera eramaten dituzte, ekonomia mugitzen dute, euskararen zabalkunderako ezinbestekoak dira... Baina benetan zenbat diru publiko inbertitzen da horietan? Jardunaldietan aipatutakoaren arabera, urtean 4 milioi euro inguru. Eta hau asko edo gutxi da? Nik neuk ere ez daukat erantzunik baina, jardunaldietan entzundakoarekin nahikoa ez dela argi geratu zitzaidan. Horregatik, finantzaketaren gaia eta etorkizunerako mugarri berriak aztertzeko, Euskal Hedabideen finantzaketa publikoaren inguruko mahai bat osatzeko gonbidea egitera ausartuko naiz. Eta noski, Administrazio Publikoa mahai horretan bertan dela.



Euskal hedabideak 2020ko hamarkadan jardunaldiek gogoetarako aukera piztu didate eta jakin badakit ez naizela gogoeta hauekin edo bestelakoekin bueltaka dabilen bakarra. Horregatik ausartu naiz hitzaurre honetan nire bi proposamenak plazaratzera. 2021eko irailean Euskal Hedabideen inguruko jardunaldiak izango ditugu berriro, baina urtebete dugu aurretik, helduko al diogu gaiari? Nire eskua luzatua dago ea norbaitek onartzen dituen nire erronkak.


Berria egunkariko zuzendaria
