EKONOMIA
Izenburua: Menpekotasun-sistema gaur egungo gizartean
Zuzendari jaun agurgarria:

Lehenik eta behin, eskertu nahi dizut beka egitasmo hau abian jarri izana. Zalantzarik gabe, ekimen honetan parte hartzeko aukera oso erakargarria da niretzat. Gutun honen bidez, beka eskatzeko arrazoia zehazteaz gain, nire espezialitatearen ezaugarri nagusiak azaltzea dut helburu. 

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea naiz. Ekonomia Aplikatuaren sailean lan egiten dut eta nire espezialitatea menpekotasun-sistema da. Aurten, irakasle-talde batekin batera, menpekotasunaren gaineko proiektu berritzaile batean parte hartzen dut. Burutzen ditudan ikerketak direla eta, diru dezente behar dut hilabetero bidaiak egiteko. Ondorioz, benetan interesatzen zait beka eskatzea

Gaur egun, menpekotasun-sistemarekin lotuta dauden kontuak pil-pilean daude gizartean. Menpekotasunaren aspektu nagusiak komunikabideetan irakurri baditugu ere, komeni zaigu gaia ikuspuntu guztietatik aztertzea. Ikertzaile gisa, horixe da nire helbururik garrantzitsuenetako bat. Azken finean, edo gu geu izango gara menpekotasun-sistemaren onuradun zuzenak, edo gure inguruko senideren edo lagunen batek laguntza jasoko du. 

Menpekotasunaren ikuspegi orokorra edukitzeko, azalduko dut zein nazioarteko testuingurutan jaio zen.

Azken hamarkadetan bizi-itxaropena izugarri hazi da herrialde garatuetan. Elikaduraren hobekuntzak eta medikuntzaren arloan garatutako aurrerapenek eragin handia izan dute aldaketa horretan. Dena den, zaharragoak izan ahala, gaixotasunak sufritzeko arrisku handiagoa dugu. Beraz, laguntza behar dugu gure oinarrizko jarduerak burutzeko orduan. Menpekotasun-sistemak, laguntza hori eskaintzeaz gain, bizi-kalitate duina bermatu behar digu herritar guztioi. Hori dela eta, beste zenbait harrialdetako esperientziak eredutzat hartuta, Diputatuen kongresuak Menpekotasunaren Legea onartu zuen 2006n.

Menpekotasunaren Legeak artikulu ugari dauzka. Ondorioz, erabaki dut laburpen txiki bat egitea.

Nahiz eta legearen onuradun zuzen gehienak zaharrak diren, adin guztietako gaixoek jaso ditzakete legeak eskaintzen dituen diru-laguntzak. Legearen testuak hiru menpekotasun-maila finkatzen ditu: neurrizkoa, zorrotza eta handia. Menpekotasun-maila neurrizkoa bada, Menpekotasunaren Legeak autonomia pertsonala bultzatzeko helburua dauka. Teleasistentzia, eguneko zentroak eta egoitzak paziente guztien eskura daude. Orobat, zainketak etxean bertan jaso nahi izanez gero, onuradunek diru-laguntzak eska ditzakete beren ahalmen ekonomikoaren arabera.
Nolanahi ere, dirua eman aurretik, administrazioak egiaztatu behar du zaharren etxebizitzeko baldintza zehatz batzuk betetzen dituztela. Horrela, senideekiko elkarbizitza eta etxeko bizigarritasuna onak izanez gero, administrazioak ontzat emango du eskaera.

Nire ikerketen bidez saiatzen naiz menpekotasun-sistemaren zenbait arazotarako irtenbideak bilatzen. Nire lanagatik sakontasunez ezagutzen ditudanez arazo horiek, jarraian aztertuko ditut.

Lehenik, Menpekotasunaren Legeak eskaintzen dituen diru-laguntzak eskatzeko izapideak hainbesteraino luzatzen dira, nin hainbat zahar hiltzen baitira dirua jaso baino lehen. Itxarote-zerrendak murrizteko helburuz, proposatzen dut gehienezko arreta-epeak finkatzea legearen testuan. Hala, uste dut hogeita hamar eguneko gehienezko epea egokia izango litzatekeela.

Beste aldetik, legearen arabera estatuak eta autonomia-erkidegoak menpekotasunerako aurrekontuaren ehuneko berrogeita hamar jarri behar dute. Alabaina, lan-ikerketa batzuek islatzen dute estatuaren benetako diru-ekarpena portzentaje horretatik beharakoa dela. Nire iritziz, politikariek borondatea erakutsi behar dute administrazioen arteko lankidetza hobetzeko. Alde horretatik, proposatzen dut Alemaniako ereduari erreparatzea. Alemaniako konstituzioak zehatz-mehatz zedarritzen ditu administrazio-maila bakoitzak finantza ditzakeeen eskumenak. Halaber, alemaniar politikariak, espainiarrak ez bezala, harremanetan daude aldiro balizko desadostasunak konpontzeko.

Besterik gabe, zure esanetara jartzen naiz edozein galderari erantzuteko. Espero dut gaia interesgarria izatea. Zure erantzunaren zain nago.

Agur bat, 
