Hizkuntza-ahalmena, hizkuntzaren jabekuntza eta garapena, eta hizkuntza bakoitzaren ezaugarriak aztertzea ez da ataza sinplea. Hau guztia ikertzeak dakarkigun zoriontasuna, ordea, paregabea da; hizkuntzalariontzat, behintzat. Baina nola ikertu horrelako gai konplexua? Eta zertarako? Non? Zeren bidez? Galdera asko, aldiz, erantzun bakarra: zenbatzaileen bitartez.



Hain zuzen ere, aldizkari honek hizkuntzaren jabekuntza goiztiarra du ikergai eta, 10. urteurrena duela ospatzeko, ale honen helburua zenbatzaileen jabekuntzaren ikerketa azaldu eta nabarmentzea da, urte hauetan jasotako emaitzak eta jasotzear daudenak goraipatzeko premiarekin. 



Zenbatzaileak batzuk, guztiak, asko, gutxi eta gehienak bezalako hitzak dira. Gure egunerokotasunean maiz erabiltzen ditugu, oharkabean bada ere, eta edozein pasarte, testuinguru edota jarduera azaltzeko balio dute. Hau dela eta, elementu aberatsak eta baliagarriak ditugu hizkuntzaren ikerkuntzan. Alegia, Chomsky-k (1965) esan bezala, hizkuntza gizakion berezko trebetasuna baldin bada, zenbatzailea bera mirari hori gordetzen duen atea irekitzeko giltza da. 



Hain zuzen ere, Euskal Herrian zenbatzaileekin egindako ikerketak bi helburu nagusi izan ditu: alde batetik, zenbatzaileekin eratorritako eskala inplikaturak aztertu, 4-9 urte bitarteko haur euskaldunekin; bestetik, zenbatzaile unibertsal eta ezeztapenaren arteko interakzioa ikertu. Aurreneko analisiak semantika eta pragmatikaren arteko interfazea hobeto ulertzen lagundu gaitu; bigarrenak sintaxiaren ezaguntzan sakondu du.



Zenbatzaileen jabekuntza goiztiarraren literaturak haurrek zenbatzaileen ezaugarri semantikoak era gradual batean bereganatzen dituztela erakutsi du. Aurrekoari lotuta, eskala inplikaturak aztertu dituzten ikerlanek ikusi dute 5-6 urte bitarteko haurrek egia-balioen ez betetzea hantzematen duten arren (i.e. semantikoki zuzenak eta okerrak diren esaldiak), zailtasunak dituztela azpi-informatiboak edo pragmatikoki desegokiak diren esaldiak errefusatu eta beharrezko eskala inplikatura eratortzeko. Halaber, hainbat ikerketek zenbatzaile ezeztatuak haurrentzako erronka handia direla aurkitu dute. Izan ere, 5-6 urte bitarteko haurrek esaldien estruktura sintaktikoa ardatz hartzen dute irakurketa semantikoa garatzeko. 



Aipatzekoa da ere, zenbatzaileen jabekuntzari buruzko ikerketa gehienak haur elebakarrekin egin direla. Oso lan gutxi daude fenomeno hau haur elebidunekin aztertu dituztenak. Nolanahi ere, ez dago ebidentzia sendorik haur elebakarrek gaitasun handiagoak dituztela argudiatzeko, eskala inplikaturen eratortzeari dagokionean. 



10 urteko ibilbide honetan eskuratutako emaitzak pozgarriak eta eraikitzaileak diren arren, populazio-mota zehatzei buruzkoak izan dira. Hutsune nabarmena dago: behar bereziak dituzten haurrek osatutako populazioaren azterketa. Haur hauen ezaugarriak anitzak dira, baina ASD (Autism Spectrum Disorder) duten haurrek zenbatzaileekin izan ohi dituzten zailtasunak deigarriak dira oso. Izan ere, solasaldi arruntetan pragmatikoki desegokiak diren esaldiak ezeztatu eta hauei lotutako eskala inplikaturak eratortzeko oztopo andanak izaten dituzte. Xehetasun hutsala dirudien arren, gaizki-ulertuak edukitzera eta baztertuak izatera suposatzen du askotan. Beraz, haur hauekin zenbatzaileen alderdi pragmatikoa sendotu eta areagotzea beharrezkoa da, bakarkako terapiaren bidez. Ezin dugu ahaztu bakarkako terapia haurraren ama-hizkuntzan burutzea ezinbestekoa dela. Hori dela eta, haurra euskalduna bada, terapiaren hizkuntza euskara izango da eta euskaraz gauzatuko da. Testuinguru honek familiarteko giroa eta ama-hizkuntzaren mantentzea bermatuko ditu.  



Aurretik aipatutako guztia kontuan hartuz, ale hau plazaratzea beharrezkoa ikusten dugu, irakurleari hausnarketa eragiteko helburuarekin. Jarraian datozen ikerlanak garrantzitsuak dira ez bakarrik hizkuntzalariontzat, baizik eta euskaldun guztiontzat, gure hizkuntza, euskara, maite, zaindu eta sustatzeko desioarekin.