EUSKAL HIZKUNTZA eta LITERATURA
Izenburua: BENETAKO NORMALIZAZIORAKO BIDEAN
Bilbon, 2020ko ekainaren 16an

Jakiundeko Arduradun hori:
Zuen akademiak dituen izen ona ezagututa, eta euskal kulturaren alde egin duzuen lan bikaina ikusita, nire espezialitatean, euskararen irakaskuntzan, oinarritutako egitasmoa aurkeztu nahiko nizueke aurten eskaini duzuen beka-egitasmoa lortze aldera.

Esan ohi da hasieran izan zela hitza, berak egiten gaituela norbanako eta beraren bidez komunikatzen garela, bera baita oinarria, funtsa. Hitzetik datoz hitzaldi, hiztegi, hizkera eta gure hizkuntza, euskara. Eta hainbeste urtez hitzaren eta euskaren irakaskuntzan aritu izan garenok euskaltegiak izan ditugu euskararen eta gure lanaren sostengu, baita euskal kulturaren hedatzaile ere.

Gogoan dut euskaltegiak sortu zireneko 60ko hamarkada. Frankismoaren garaiko debekuak zirela eta, gau-eskola klandestinoak baino ez baziren ere, ilusio handiz eta militantzia sutsuak lagunduta, ikasi zuten hasierako hainbat ikaslek. Urte haietan sortutako kontzientziazio prozesuari esker, 70eko hamarkadan heldu askok ekin zion euskara ikasteari eta alfabetatzeari. Esan gabe doa ikasle kopurua handitzea ez zela gertaera isolatua izan, baizik eta beste agerpen batzuen ondorio, hala nola ikastolen sorrerarena, kantagintza eta dantza taldeen berpiztearena edota euskal literatura lan berrien agertzearena... Geroztik, 80ko eta 90eko hamarkadetan bildu zituzten euskaltegiek ikasle gehien eta handik aurrera ikasle kopurua jaitsiz joan zen. Esan beharra dago, ordurako bazegoela euskaldun asko ikastolan eta euskal eskolan alfabetaturik. Gainera, hasierako euskal identitatearen sua epelduz joan zen eta ikasle abertzalearen profila ia desagertu eta ikasle pragmatiko eta profesionala azaldu zela. Euskararen irakaskuntzaren ibilbide luze hori ikusita, pentsa genezake ia gizarte osoa euskalduduta dagoela dagoeneko, baina egia esateko lanak izango ditugu euskararen benetako normalizazioa lortzeko.

Irakasteko metodoei dagokienez, hasierakoak zuzenak ziren (Euskalduntzen metodoa), baita estrukturalak ere (Jalgi-hadi, Hitz egin). Garai hartan irakasle aritzeko nahikoa zen euskalduna izatea, sistema metodologiko didaktikoa alde batera utzita. Halaber, gaztelaniatik zuzenean itzultzeko metodo horiek askotan, gramatika arauak ondo ikastera behartzen zituzten irakasleak eta ez hizkuntza bera menperatzera. Beraz, irakasleriraren profesionaltasun eta espazializazio ezari gure lanak beti izan duen egonkortasun falta gehitzen badiogu, esan genezake garai hartako euskaltegietako langileek motibazioa baino ez zutela euskarri. Geroago etorri ziren Glotodidaktika ikastaro famatuak eta euskaltegi bakoitzak sortutako irakasbide propioak. Hala ere, duela hogei urte inguru, 2000. urtean edo, irakasle eta ikasleen hartu-emanak aintzat hartzen ez zirela konturatuta, curriculumari eman zitzaion lehentasuna. Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculumak gaitasun komunikatiboan eta ekintzan jartzen du ardatza, hau da, irakaskuntzaren teorian eta praktikan.

Curriculumaren sorrerarekin aurrerapausu handia eman bazen ere, badago oraindik zer hobetu. Nire proiektua sortzeko beharra ikusi nuen euskara irakasteko sistemak dituen hutsuneez jabetu nintzenean. 

Euskaltegietan ikasitakoak nahiko modu jasoan jarduteko aukera eman balezake ere, gehienetan hutsuneak izaten ditu gaitasun sortzaileetan, batez ere, mintzamenean. Beraz, nire ustez, input errepikakorra sustatu beharko genuke ikasleak modu naturalean rituko badira. Izan ere, ama hizkuntza errepikatuz ikasi ohi da eta agian euskaltegietan dihardugunok esfortzu handia egiten ari gara Hizkuntza Eskakizunetako proben irakaskuntzan eta ez hasieran genuen helburuan, euskalduntze prozesuan, alegia.
Euskara sustatzeko egitasmo integrala egin beharra dagoelakoan nago eta gaitasun hartzaileak alde batera utzi gabe, sortzaileak bultzatzeko proiektua dakarkizut. Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Modernoetako graduan frogatu izan dut urtebetez eta emaitzak ikusgarriak izan dira profil ezberdinetako ikasleen gradu amaierako lanetan. Gainera, ziur nago administrazioan, euskaltegi zein eskoletan erabilgarria suerta litekeela benetako normalizazio prozesua bultzatzen duelako.

Txepetxek zioenez, hiru faktorek lagunduta ikasten da hizkuntza bat: motibazioak, ezagutzak eta erabilerak; hirurak osagarriak, batak bestea dakarrelako. 
Espero dut nire hitzeko zuok motibatu izana, beka honek benetan lagunduko lidakeelako nire proiektua guztiz borobiltzera.

Eskerrik asko aldez aurretik.