Gezurren zurrunbilotik ihes egiteko beharra




Kazetaritzak askotariko erronkei aurre egin behar izan dio azkenengo hamarkadan, hala nola krisialdi ekonomikoari, publizitatearen atzerakadari eta multimediara salto egiteko beharrari. Urterik urtera, horiei guztiei irtenbidea emateko gaiak jorratu dira aldizkari honetan; orain, baina, informatzaileen jarduna errotik astindu dezakeen arazo batekin egin dugu topo: fake news-ak edo gezurrezko albisteak. Kazetaritzaren jatorrizko zintzotasunari eta sinesgarritasunari eragiten diete horiek, zuzen-zuzenean, eta badirudi gizartea ezer gutxi egiten ari dela horiei aurre egiteko. Kontuak horrela, beste behin ere, komunikabideek sortu beharko dituzte euren erremintak gaitz hori deuseztatzeko. 



Gaur egun, jada, ez dago hedabideen esku bakar-bakarrik gizartea informatzea; izan ere, azkenengo hamarkadan, teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatuta, askotariko eduki-sortzaileak agertu dira han eta hemen, baita (sasi)komunikabideak ere. Egoera horrek, baina, hainbat arazo sor ditzake gizartean, ez zabaldutako informazioa alde batekoa edo bestekoa delako (kazetaritzaren helburuetako bat da hori, hots, iritzi kontrajarriak batzea gizarteak bere iritzi propioa gara dezan), baizik eta argitaratutakoa gezurrezkoa edota engainagarria izan daitekeelako, ezkutuko helburu bat edo beste lortzeko asmoz.



Egia-ostearen aroan bete-betean murgildu gara azkenengo hamar urteotan; hau da, egiak eta gezurrak balio berdina du orain. Guda-zelai horretan, eta arestian aipatutakoagatik, gezurrezko albisteek gora egin dute; edozein eduki biraliza daiteke, jendeak bere iritziarekin bat datorrena automatikoki partekatzen duelako, notizia benetakoa den edo ez baieztatu barik. Horrek, gizartea desoreka dezake, polarizatzeraino. Fenomeno horrek goia jo zuen 2016an, Donald Trump AEBetako presidente izateko hauteskundeen garaian. Adituek arazo horren berri eman zuten, eta ohartarazi zuten, hala segituz gero, gerra zibil bat eman zitekeela herrialde horretan. Egoerak ez zuen eztanda egin, baina gezurrezko albisteak mundu osotik hedatu dira, ekialdetik mendebaldera, iparraldetik hegoaldera. Horren adibide garbia dugu orain, COVID-19aren pandemian bete-betean, sasi-informazioak eta albiste faltsuak bolo-bolo ikus daitezkeelako sare sozialen amaraunean.



Gaur egun edonor da gai albiste bat identifikatzeko; besteak beste, titularra, sarrera eta gorputza duen edukia, hain zuzen ere. Ohiko komunikabideek darabilten egitura da hori, baina gezurrezko albisteek ere eurena egin dute. Ondorioz, azkenengo ikerketen arabera, gizartearen % 80ak ez daki kontsumitutakoa egia edo gezurra den. Desinformazio horri aurre egiteko, garrantzitsua da jendeari erakustea zelan identifikatu daitezkeen albiste faltsuak; Rosa Fajalek (Bartzelona, 1956) dioen bezala, beharrezkoa da gizartearen alfabetatze-mediatikoa. Baina, hori bermatzen ez den bitartean, garrantzitsua da komunikabideek aurrea hartzea. Kazetaritzaren lana da errealitatea islatzea; egia kontatzea, ahalik eta modurik osatuenean, inolako ezkutuko xederik gabe. Horretarako, oraingo ale berezian, adituek hedabideen sinesgarritasuna bermatzeko (edo galdua dutenen kasuan, berreskuratzeko) garatu dituzten proiektuak eta egitasmoak ezagutzeko aukera izango dugu. Horien artean, nabarmentzekoa da 

hainbat taldek elkarlanean aurrera eramandako The Trust Project izenekoa; horrekin, argitaratutakoa egiaztatuta dagoela bermatu nahi zaio kontsumitzaileari, eta horrela jakinarazten zaio edukian bertan.



Demokraziaren laugarren zutabea izan behar da kazetaritza, hau da: agintarien eta boteredunen zelatatzailea eta herri xehearen zaintzailea. Hortaz, eman diezaiogun buelta Errenazimendu garaiko filosofo Makiavelok esan zuenari, eta ez dadila izan errazagoa zurrumurru bat sinestea egia baino.
