Donostia, 2021eko apirilaren 21a



Jaun-andre agurgarriak:



Gutun honen bidez sortu berri dugun Zuzeneko Musikaren Elkartea (ZME) ezagutarazi nahi dizuegu. Gure eginkizun eta helburuak zeintzuk diren azaldu nahi dizuegu, eta, bide batez, gaur egun zuzeneko musikan lan egiten dugun langile eta enpresen egoera nolakoa den ulertarazi.



ZME zuzeneko musikaren sektorean eta musika jaialdietan lan egiten dugunok sortutako elkartea da. Bi eginkizun nagusi dauzkagu: batetik, bazkideoi informazioa, argibideak, babesa eta aholkularitza ematea; bestetik, gure lana gizartean zabaldu eta dauzkagun beharrak, orain arte baino indar gehiagoz, aldarrikatzea. 



Iruditzen zaigu ez dela, oro har, ondo ulertzen zuzeneko musikak eta musika jaialdiek duten garrantzia. Hona datu batzuk gure tamainaren adierazgarri: Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arabera, 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), zuzeneko musikak 7.347 langile zituen eta 1.361 milioi euro fakturatu zituen, erkidegoko barne produktu gordinaren % 1,70;  ZMEk bildutako datuen arabera, 2019an, 216 musika jaialdi inguru egin ziren Euskal Herrian, kontzertuak 5.000 inguru.



Bestalde, gure ustez, gizarteak ez du ulertu pandemiak eragindako kalteak zenbaterainokoak izan diren. Oraingoz, 2021eko daturik ez badugu ere, badauzkagu Eustatek 2020an gertatutakoari buruz bildutako batzuk; datuon arabera, zuzeneko musika % 74 jaitsi zen eta 1.872 lanpostu galdu ziren. Beherakada hau bitan zatitu daiteke egoera hobeto ulertze aldera, hala, kontzertu solteek % 60 egin zuten behera; musika jaialdiek, aldiz, % 94. Hona beste beste sektore kaltetu batzuen datuak, zuzeneko musikaren datuekin aldera ditzazuen: hostalaritzak 2020an % 55 egin zuen behera, turismoak % 63.



2020tik zetorkigun egoera latza ez da 2021ean asko aldatu. Ondorioz, lehenagotik zorrak zeuzkaten enpresa batzuek ezin izan diote egoerari eutsi, porrot egin dute, eta beraien langileak kaleratu behar izan dituzte. Beste enpresa askok, udaran zer gertatuko den ez badakite ere, aurrera jarraitzea erabaki dute, musikarien katxeen lehen ordainketak egin dituzte, egitaraua iragarri dute eta hasi dira sarrerak saltzen.  Enpresa horiek guztiek arrisku handia hartu behar izan dute eta badakite, osasun neurriak direla medio, aurtengo udaran ateak irekitzea lortzen ez badute, ez direla 2022an itzultzeko gai izango.



Emandako informazio onekin guztiarekin ondoriozta daitekeena zera da, 2021eko udan, kontzertu solte eta jaialdiak bertan behera geratzen badira, sektore osoa desagertuko dela, bere enpresa eta langile guztiekin batera. Amildegiaren ertzean gaude, asko dago jokoan eta inork ez digu laguntzarik eman.



Uste dugu, zuzeneko musikak duen garrantzia ezagunagoa balitz, gure sektorean bizi dugun egoerari ere pisu handiagoa emango litzaiokeela, oihartzun handiagoa izango genukeela medioetan. Horregatik ari gara gure egoera gizarteratu nahian, eta horregatik idazten dizuegu laguntza eske, Euskal Herriko zuzeneko musikak Berria egunkarian merezi duen oihartzuna izan dezan.



Gure sektorearen egoerarii buruzko xehetasun gehiago nahi badituzue, bidaliko dizuegu egin berri dugun txosten bat, eta beste edozertarako, beti edukiko dituzue gure elkartearen ateak zabalik.



Adeitasunez agurtzen zaituztegu.


ZMEko lehendakaria
