Esparrua: Zientzia aplikatuak

: Ingenieritza



ETORKIZUNEKO BERIBILA: EUSKAL KOOPERATIBENTZAKO ERRONKA BIRIBILA



Irakurleok:



Lehen-lehenik, eskerrak eman dizkiot XXXXX elkarteari hitzaurrea idazteko ni hautatzeagatik. Izan ere, niretzat, ohorea da argitalpen berezi honetan lerro hauek plazaratzeko parada izatea. Jakin badakit esku artean dugun gaia XXXXX garrantzitsua dela beraz, zorroztasunez arituko naiz.



Automozio industria bilakaera bortitza ari da jasaten azken urteotan. Horrek mundu osoko enpresa sarean eraldaketa sakona eragin du. Izan ere, hainbeste urtez indarrean egon den balio katea orain kolokan dago. Desoreka horrek beste oreka bat ekarriko du, eta euskal kooperatibok prest agertu behar dugu, errealitate berri horretan protagonista izango bagara, bederen.



Punta-puntako adituen iritziz, automobila ulertzeko modua, pertzepzioa, alegia, aldatu egin da. Orain arte gizarteak barneratuta izan du gidatzea zoragarria dela, xarmagarria. Aitzitik, ez diote horri hala irizten multimedia aroan jaio diren belaunaldi berriek, beste lehentasun batzuk baitituzte. Horientzat, beribila ibilgailu bat besterik ez da, batetik bestera garraiatzeko balio duena; funtsezkoena baita bidaia denbora horri probetxua ateratzea: tarte hori ematea lanean edo aisian, eroso, hainbat tresna elektoniko lagun.



Hortaz, zalantza izpirik gabe, automobilaren ohiko kontzeptua zaharkitua geratu da. Hargatik, etorkizuneko autoa elektrikoa eta autonomoa izango dela aurreikusi eta iragarri dute adituek. Esaterako, egun, dagoeneko, motor elektrikoa instalatzen ari dira barne errekuntzako motorraren ordez; azken hori ohiko autoaren bereizgarri nagusia bada ere. Halaber, modelo berriak ahalik eta autonomoen bihurtzeko apustua nabaria da; eta horrek gidariaren arreta gero eta pantaila handiagoetara bideratzea ahalbidetzen du.

 

Horiek hala, auto fabrikatzaileek joera eta bide desberdinak hartu dituzte. Ohiko auto ekoizleak aldaketa geldiarazten saiatu dira; baina, azkenean, beraien estrategia moldatu behar izan dute. Alde batetik, ez dira ausartu ohiko produktuak baztertzera; baina, beste alde batetik, etorkizun hurbileko produktua garatu behar izan dute. Ondorioz, teknologia berrietan inbertsio erraldoiak egin behar izan dituzte; eta hori alderdi ekonomikoan bideragarria izan dadin, euren arteko hitzarmenak sinatu dituzte: Renaultek eta Nissanek, VWek eta Fordek, eta PSAk eta FCAk, besteak beste. Bestalde, batzuek iraultzaren aldeko joera hartu dute; horien artean aipagarriena, sortzaile eta bultzatzaile nagusia, Elonk Musk da, Tesla enpresa aitzindariaren bitartez.



Horrenbestez, gizartea aldatuz aurrera doa, eta horri egokitzeko auto fabrikatzaileak berrikuntza prozesuan buru-belarri murgildu dira. Ondorioz, molde horrekin bat egite aldera, hornitzaileen unea heldu da: euskal kooperatiben txanda da. Hala, pentsamoldea zinez aldatzeaz batera,  produktu, teknologia eta material zeharo berrietan jarduteko garaia iritsi da; etorriko diren beharrizanei soluziobideak eskaintzekoa. Eta horretarako giltza pertsonak dira, ondo trebatutakoak eta ilusioz beteak; eraldaketarako gogoa baita motorra, eta prestakuntza erregaia. Bi osagai horiek uztarturik, berrindartzeko ekimenak zirriborratu, diseinatu, planifikatu eta hezurmamitu behar ditugu; eta lehenbailen abian jartzea ezinbestekoa da, gure kooperatiben geroa bermatuko badugu.



Ezin bukatu, jakina, Covid-19aren auzia aipatu gabe, ekar ditzakeen bilakaera eta ondorioak oraindik ikusteke baitaude. Luzera begirako paradigma aldaketa baten aurrean al gaude? Ezin jakin. Nolanahi ere, zorionez, euskal kooperatibok beti izan ditugu erronkak gogoko, eta badugu eskarmentua. Hartara, bidea luzea, aldapatsua eta bihurgunez josia izango da; baina bolanteari gogor eutsita, argi dugu begi aurrean daukagun orubeari bide egin behar diogula; lasterketa honetarako errepide berria eraiki, etorkizuneko beribilaren iritsiera biribila izatea baitugu helmuga.



Mila esker, berriz ere,
