Etxebizitza turistikoen erregularizazioa



Badira 10 urte Basquetourist aldizkariaren lehen aleak argia ikusi zuenetik. Harrezkero, alez ale gero eta jakintsuago bilakatu dira irakurleak, hilabetero turismoaren berrikuntzen lekuko izan baitira hari esker. Lortutako arrakasta ez da bide erraza izan, turismoaren arloak gorabehera handiak jasan dituelako azken hamarkadan, batez ere, etxebizitza turistikoen arloak.



Izan ere, gure herriladeak ospe handia lortu du munduan zehar, eta gero eta turista gehiago datoz Euskal Herrira; zehazki Euskadik 2019an 3.185.000 turista erakarri zituen. Bestalde, teknologiaren aurrerapenei esker, azken bosturtekoan merkataritzako bide elektroniko ugari sortu dira, hala nola Airbnb eta Booking. Tresna horien bidez, ostatu-emaileek oso erraz jartzen dira harremanetan erabiltzaile potentzialekin; beraz, merkatura iritsi dira ohiko ostatu-establezimenduek adina baliabide ez duten norbanakoak.



Hori dela eta, 2018an hirukoiztu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxebizitza turistikoen kopurua, eta erakunde publikoek araudia prestatu behar izan zuten gaia erregularizatu eta alokairu turistikoak kontrolatzeko. Basquetorurist-en adituok hainbatetan azaldu dugun bezala, gaur egun hiru arautegi hartu behar ditugu kontuan: Eusko Jaurlaritzako (EJ) dekretua, udal bakoitzeko ordenantza eta Estatuak ezarritako arauak.



Lehenik, 2018ko uztailaren 26an, EJk Etxebizitza Turistikoei buruzko 101/2018 Dekretua argitaratu zuen Euskal Heeriko Agintaritzaren Aldizkarian, jabeei betebehar zorrotzak ezartzeko. Esate baterako, titularrek izena eman behar dute Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan (ETEJE), segurtasun elementuak instalatu behar dituzte apartamentu turistikoan, eta larrialdietarako telefonoak eskuragarri utzi behar dituzte turistentzat.



Bigarrenik, hirigintzako udal-ordenantza betearazteko, EJk txosten loteslea eskatzen dio dagokion udalari; txostenaren emaitza erabakigarria da, alegia. Beraz, pisu turistikoaren ezaugarriek hirigintza planaren ezarpenak bete ezean, EJk jabeei lizentzia deuseztatuko die. Alde horretatik, zenbait udalek oso erabaki gogorrak hartu dituzte. Adibidez, hiriburuetan ezin da etxebizitza turistikorik erregistratu azpian bizitegi-erabilera duen eremua badago, hau da, beste etxebizitza bat badago. Azpian bulegoak badaude, ordea, legezkoa da alokairu turistikoa, bulegoek erabilera tertziarioa baitute.



Hirrugarrenik, 2019ko martxoan, jarduneko gobernu zentralak errege-dekretu bat egin zuen, etxebizitza eta alokairuen arloetan premiazko erabakiak hartu behar zituela ikusita. Hain zuzen ere, hainbat aldaketa ezarri zituen Hiri Errentamenduen Legean eta Jabetza Horizontalaren Legean. Haien artean, auzokideek boterea izango dute beren eraikinean jarduera turistikoa mugatzeko, jabekideen erkidegoaren gehiengoak adostutako hitzarmen baten bidez. Hala ere, akordio horrek atzeareraginezko ondorioriz ez duenez, auzokideek ezin dute hitzarmenaren aurretik erregistratutako etxebizitza turistikoa itxiarazi.



Arautegi berriak gizartearen iritzia banatu du, aldizkari honek duela urtebete egindako inkestaren arabera. Alde batetik, batzuen aburuz, bidegabekeria da etxe ugari turismorako erabiltzea, gure herrialdean bizitegi duina lortzeko arazo ugari daudelako. Bestetik, ostatu-emaileek merkatu librea aldarrikatzen dute, eta Euskal Lehiaren Agintaritzaren eskutik, Dekretua bertan behera uzteko helegitea aurkeztu dute epaitegietan. Oraindik ez dago sententzia irmorik, baina ziur auzia ebazten denean, Baquetorist-eko lan-taldeak bikain azalduko diela irakurleei gertatutakoa.



Turismo Saileko ikuskatzailea
