Bestelako kontuei heldu aurretik, aldizkariko editorialak eskaintzen didan aukera hau probestu nahi nuke unibertsitateko komunitatea osatzen duzuen pertsona guztiei eskerrak emateko. Izan ere, Covid 19aren garai hauetan, pasa den ikasturtea arrakastaz bukatzea posible izan bada, ikasle, irakasle eta gainontzeko langileek pandemia egoera honetan erakutsi duzuen konpromisoari esker izan da. Beraz, doakizue hemendik dekanotza hau osatzen dugunon esker ona.

 

Badira urte batzuk unibertsitate honek Historiako Ikasketen Gradua martxan jarri zuela. Urte luze hauetan, unibertsitateko komunitatea osatu dugun pertsonok izugarrizko lana egin dugu ikasketa hauen sendotzearen alde. Duela hamarkada pare bat dozena bat irakasle eta hogei ikaslerekin sortu genuen lizentziatura bat, egun, ehundik gora irakaslez eta ia bostehun ikaslez osatutako gradu bihurtu da.



Bidean, ikasketa hauen bilakaera ikusi dugu. k sortu genituen lehendabizi (Historiako aro ezberdinekin lotutakoak zein Amerikako eta Asiako Historiarekin lotutakoak). Ondoren, unibertsitateek Marko Europearrera egin beharreko egokitzapenaren bidetik, gure fakultateak eskaintzen dituen masterrak etorri ziren: Historia Garaikidean Masterra eta Arkeologian Masterra.



Gaur egun, Historiako ikasketetan estatu mailan punta-puntakoa den ikastetxea daukagu. Historiako ikasketak osoki euskaraz egiteko aukera eskaintzen duen unibertsitate bakarra gara eta duela bi ikasturte martxan jarri genuen gradu eleanitza ere parekorik gabea da estatuko unibertsitate sisteman.



Baina bide honetan ez dira dena lorpen eta arrakastak izan. Fakultate honetako dekano naizen aldetik, badaukat bi hamarkada hauetan ateratzerik izan ez dudan arantza bat: genero arrakalarena. Ikasketa hauek martxan jarri genituenean ikasleen hamarren bat baino ez zen emakumezkoa eta irakasle-taldeko kide guztiak gizonezkoak ziren. Hogei urte beranduago, zifra horiek poxi bat hobera egin badute ere, oraindik orain, berdintasunetik aparte segitzen dugu. Pasa den ikasturtean, ikasleen laurden bat baino ez zen emakumezkoa eta, irakasleen kidegoan ere, % 30aren azpitik jarraitzen dugu.



Hau kontuan izanda, hurrengo ikasturtetik hasita, zuzentzen dudan dekanotza taldeak genero bazterketa honekin bukatzeko neurriak hartu asmo ditu. Bide honetan, hauek izango dira ikasturte berrian ikastetxe honetako berrikuntza nagusiak:



Batetik, Emakumeen Historia Ikerketa Saila sortuko dugu. Sail berri honek lehendik ikastetxean ditugun sailen (Historiaurrea,  Antzin Aroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Aro Garaikidea, Amerikaren Historia eta Afrikaren Historia sailak) maila bererean parte hartuko du ikastetxeko gobernu erakundeetan.



Bestetik, zuzentzen dudan dekanotza honetan Berdintasun Dekano-ordetza bat sortuko dugu. Isabel Agirre Historia Garaikideko katedraduna izango da honen buru eta, datorren ikasturtean zehar, fakultate honetako berdintasun plana sortzea izango da bere betebehar nagusia.



Azkenik, gure master eskaintza zabaldu asmoz, Europan lehendabizikoa izango den Emakumeen Historian Masterra jarriko dugu martxan. Irakasle bezala, Europako unibertsitate garrantzitsuenetatik etorriko diren sona handiko irakasle gonbidatuak eta EHUko irakaslerik puntakoenak izango dituen master bat izango da. Europako bazter ezberdinetatik ikasleak erakarri eta Historiako masterren eskaintzan toki nabarmenean jarriko du gure ikastetxea sorreratik eleanitza izango den master honek .



Jakitun gara neurri hauek ez dutela arazoa egun batetik bestera konponduko, baina arrakala hori konpontzeko asmoan, pauso hauek bidea egiten lagun diezaguketelakoan gaude.



Besterik gabe, ongi etorri gure ikastetxera eta fakultateko lemak dioen bezala: Segi Historia egiten!



2021eko apirilaren 21
