EKONOMIA
Izenburua: Autonomia erkideen finantzaketa-sistema aztertzeko beka-eskaera
JAKIUNDE, EUSKAL HERRIKO ZIENTZIA, ARTE ETA LETREN AKADEMIA
Totorika kalea Z/g
20511 OÃ‘ATI
Bilbon, 2020ko ekainaren 16an

Jaun-andre agurgarriak,
Mattin Osinalde Aranburu dut izena eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko teknikaria naiz. Hain zuzen ere, Ekonomia Itunaren Zerbitzuko teknikaria naiz 2016. urteaz geroztik. Jakiundek hainbat espezialitatetako beka-egitasmoa abiatu duela jakin izan dut, eta gutun honen bitartez beka eskuratzeko eskabidea egin nahi nuke.

Euskal Herriko Unibertsitatean burutu nituen Ekonomia Lizenziatura ikasketak 1998. urtean, eta 2002an Foru-Zuzenbideko Masterra egin nuen Deustoko Unibertsitatean. 2004. urteaz geroztik Jaurlaritzako sail desberdinetan egin dut lan ekonomilari gisa, eta beti Ekomia Itunaren inguruan ikasteko grina izan dut. Zuen beka-programa, nire ikasketak sakontzeko aukera paregabea izan daiteke, zalantzarik gabe.

Aipatu bezala, Ekonomia Itunaren Zerbitzuan egiten dut lan, eta horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) finantzaketa sistema ondo ezagutzen dut. Sistema propio eta berezia da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoek zergak arautzeko, biltzeko eta ikuskatzeko ahalmenean oinarritzen dena. Ahalmen hori Espainiako Konstituzioan, Euskadiko Autonomia Estatutuan eta Ekonomia Itunaren Legean aitortzen den arren, badirudi azkenengo urteetan eztabaidarako gai bihurtu dela.

Ekonomia Ituna, funtsean, Espainiako Estatuaren eta Euskadiren arteko zerga- eta finantza-harremanak arautzen dituen hitzarmena da; 140 urtetan indarrean egon den bitariko akordioa, hain justu. Denok dakigu Itunaren ibilbidea ez dela erraza izan, eta askotariko erasoak pairatu dituela, baina nik argi ikusten dut kritikak eta erasoak areagotzen ari direla. Beraz, errotik sinisten dut gure aitortza eta babesa eskaini behar dizkiogula, eta Jakiunde Akademiaren beka bat helburu honetara zuzentzea guztiz baliagarria izango litzatekeela.

Beka lortuz gero, nire ikerketa-lana 3 analisi esparrutan antolatzea pentsatu dut:
Lehenik, gainerako autonomia erkideen finantzaketa-sistema sakonki aztertzea ezinbestekoa da. 2009. urteaz geroztik indarreann dagoen lege batean oinarritzen da; 185 artikulu eta 25 xedapen gehigarri dituen legea, alegia. Beraz, agerikoa da lege konplexua dela, Ã±abardura anitz dituena. Nire uste apalean, nekez aurre egin dezakegu foru eskumenetan oinarritzen den sistemaren kritikei, geuk ez badugu ondo menperatzen gainerako autonomiek aplikatzen duten araua.

Bigarrenik, ondo aztertu behar da Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorraren gauzatze-maila. Azterketa hori egitea oso garrantzitsua da, Estatuak diru kopuru handiak bideratzen baititu autonomia erkideetara hamaika inbertsio eta hamaika zerbitzu publiko finantzatu ahal izateko. Finantziazio hau ohiko sistematik (aipatutako 2009.urteko legetik) kanpo dago, eta finantziazio-iturri osagarri gisa erabiltzen dute autonomia erkideek.

Azkenik, aztertutako informazio guztia aintzat hartuta, gure finantzaketa-sistema eta gainontzeko erkidegoena alderatu beharko litzateke. Analisi horrek mahai gainean jarriko lituzke autonomia erkidego bakoitzak dituen baliabide publikoak. Orobat, konparazio homogeneoak egiteko erreferentziazko lana izango litzatekeela uste dut. 

Besterik gabe, nire beka-eskabidea interesgarria izango zaizuelakoan, agurtzen zaituztet.

Adeitasunez, 
