Zentzumenen mintzoa



Nekez irudika genezakeen, 2011ko udaberrian, orduan hasitako abentura hura hamar urtez luzatuko zenik. Nahiz eta hizkuntzalaritza, psikologia eta antropologia uztartzeko ideiak ausarta zirudien, ideia aldizkari bihurtu zen, eta ez edonolakoa. Egun, hamar urte igaro ostean, atzean utzi ditugu abentura eta ausardia hitzak, erabat egonkortu eta loratu baita Hizkuntza eta kognizioa aldizkariaren ibilbidea. Hala, konfiantzaz esan dezakegu giza kognizioaz eta haren inguruko aniztasunaz irakurri nahi duenak badaukala nora jo. Urteurrena ospatzeko ale berezi honetan, kognizioaren muinean dagoen gaia izango dugu hizpide: zentzumenak.



Nola ezagutzen dugu inguratzen gaituen mundua? Nola ezagutu lagunen aurpegiak, janarien gazia eta gozoa, suaren epela? Erantzuna laburra bezain misteriotsua da: zentzumenen bidez. Bai, zentzumenek ematen digute munduaren berri, baina informazio hori ez da egunkarietan agertzen zaiguna bezalakoa, ez da publikoa. Ingurukoekin partekatzen dugun mundu hori, beraz, esperientzia pribatuetan oinarritzen da erabat. Erabat? Beharbada ez; izan ere, pribatutik publikora igarotzeko tresna ezin baliagarriagoa dugu gizakiok: hizkuntza.



Mintzatu ahal izateak ahalbidetu egiten digu ingurukoekin partekatzea gure baitan gorderik dagoena. Oparitu berri dizkidaten oinetakoen urdin distiratsua erraz deskriba diezazuket, baina haien usaina hitzetan jartzea kosta egingo zait. Saia naiteke zapatei darien fabrika usaina deskribatzen, baina askok aitortuko lukete baliabide murritzak ditugula horrelako deskribapen bat zehaztasunez egiteko.



Zergatik komunikatzen ditugu zentzumen batzuk errazago beste batzuk baino? Platonek aspaldi eman zigun erantzuna: usainek ez dute izenik. Ez hori bakarrik, filosofo handiak zentzumenen hierarkia osoa garatu zuen, eta, horren gailurrean, guztietan errazen komunikatzen den zentzumena ikusmena dela defendatu zuen. Azken hamarkadetan burututako ikerketa zientifiko ugarik ere tesi bera berretsi dute. Tesi horrek, baina, arazo bat dauka: ez du hizkuntzen aniztasuna kontuan hartzen.



Munduan sei mila hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira, eta, bistan denez, ez dituzte guztiek baliabide berdinak erabiltzen zentzumenez hitz egiteko. Europako hizkuntza askotan, adibidez, dozena bat oinarrizko berba daude koloreak deskribatzeko. Australiako Umpila hizkuntzan, berriz, hiru baino ez: beltza, zuria, gorria. Baina ez pentsa ingelesa edo frantsesa bezalako hizkuntza prestigiotsuek dutela hiztegirik aberatsena; turkieraz, adibidez, nire oinetako urdin horiek deskribatzeko derrigor erabaki behar nuke urdin argiak edo ilunak ote diren, bi erro baitaude urdinen gama deskribatzeko. Horrela, agerian geratzen da erabiltzen dugun hizkuntzak gure pertzepzioa baldintzatzen duela.



Zergatik gutxiesten zuen Platonek usainmena? Bada, ziurrenik, Europako hizkuntza askotan usainak deskribatzeko hitz abstraktorik ez dagoelako. Usainak deskribatzeko, haien jatorriari egin ohi diogu erreferentzia: txokolatea, itsasoa, zaborra, etab. Koloreak deskribatzeko, ordea, hitz abstraktoak ditugu: banana-kolorea esan beharrean, horia esan dezakegu. Tailandiako oihaneko Jahai hiztunek, berriz, dozena bat hitz abstrakto erabiltzen dituzte usainen berri emateko; gure kolore-hitzen antzera, baina usainmenari lotuta. Eta, harritzekoa ez dena, europarrak baino askoz ere trebeagoak dira usainak era zehatz eta azkar batean deskribatzeko.



Arestian defendatu dugunez, gizakion zentzumenak ez dira soinean daramatzagun leiho neutroak. Munduari zabalik dauden leihoak dira, bai, baina hizkuntzaren iragazkiak dauzkate jantzita. Funtzio bikoitza betetzen du iragazki horrek: leihora hurbiltzen denari sartzen uztea, eta hura sailkatzea. Zabal ditzagun bada gure zentzumenen leihoak, eta zabal ditzagun beste hamar urte oparo gure aldizkari honetan.