Jaun-Andre hori:



Orain dela bi urte hasi zen zenbait historiagileon arteko harremana. Lehenengo bilera horietan elkar ezagutzeaz gain (esparru ezberdinetan egiten dugu lan, hala nola unibertsitatean edo ikerketa gunetan), partekatzen genuen ardurari buruz eztabaidatu genuen; hain zuzen, Espainiako trantsizioari buruz. Korapiloa handitzen joan zen, eta, 2020ko urtarrilean, eratutako elkartearen aurkezpen ofiziala egin genuen: TRANSHISTO, hain zuzen ere.



Gure elkartea sortu zenetik, finkatutako lehentasun bat izan zen gure jarduera gizarteratzea, hau da, gure ikerketaren emaitzek ohiartzunik izatea jendartean. Horregatik, zuekin jartzen gara harremanetan, Berria egunkariko erredakzio-taldea izanik, aipatutako xedean lagundu ahalko diguzuelakoan gaudelako. Izan ere, zuena da euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra, eta gure elkartearen beste helburu bat da ezagutza akademikoaren berri ematea gure hizkuntzan.



Orain arte, elkartearen betebehar nagusia izan da Trantsizioaren berrikuspena egitea. Horretarako, gaiari buruz idatzitakoa berraztertzeari ekin zaio. Hamarkada luzetan nagusi izan den irakurketaren arabera, aipatutako prozesua erdugarria eta, beraz, baketsua izan zen. Ildo hori babestu duten egileek azpimarratzen dute garaiko elite politikoek beren bulegoetan erabakitakoa oztoporik gabe ezarri zela jendartean. Aldiz, azken bi hamarkadetan zenbait historiagilek egindako lanei esker (horien artean: Sophie Baby, Pau Casanellas, edo Gonzalo Wilhelmi), jakin badakigu ez zela horrela izan. Are gehiago, lan horiek gezurtatu dute ikuspuntu tradizionala: batetik, garaian izandako indarkeriak ezberdintzen dituztelako (hala nola Estatuarena, ultraeskuinarena, edo ezker inkonformistarena); bestetik, horien artean izandako harremanak argitzen dituztelako (borrokak ultraeskuindar eta ezkertiarren artean, kaleko liskarrak poliziaren eta ezkertiarren artean, edota tiroketak poliziaren eta talde armatuko kideen artean). Bestalde, azpimarratzekoa da aipatutako lanek bildu duten datuen kopuru handia, eta, horri esker, jakin ahal dugu zenbat hildako egon ziren, nolako perfila izan zuten, edo nork izan zuen hildako bakoitzaren ardura.   



Bestalde, gure elkarteak etorkizunerako finkatutako eginkizun nagusia izango litzateke garaiko ezagutzan sakontzen jarraitzea. Aurreikusitako ildoen artean, garaiko politikariek Gorte Nagusietan egindako diskurtsoei arreta berezia eskaintzea proposatzen da: batetik, horrek Estatatuarena den zein ez den bortizkeria ulertzen lagunduko lukeelako; bestetik, frankismo berantiarraren garaiko diskurtsoarekin alderatuz gero, demokraziaren garaian izandako jarraipenak zein aldaketak ezberdintzen lagunduko lukeelako. Izan ere, aukeratutako iturria ez da nolanahikoa, legebiltzar bati buruz ari gara-eta.



Laburbilduz, gutun honen xedeak izan dira: batetik, taldearen eta orain arte izandako lanaren berri ematea; bestetik, Berria egunkariari elkarlanerako proposamena luzatzea. Elkartearentzat oso garrantzitsua da gure historiaren ezagutza, eta, aldi berean, ezinbestekotzat jotzen du ekoizpen akademikoa euskaraz argitaratzea. Maila berean jartzen dugu jendarteari euskaraz idatzitako ekoizpen akademikoaren berri ematea, eta, horretarako, beharrezkoa da loturak lantzea. Ziur gaude Berria egunkariak elkartearenak diren lehentasun horiek partekatzen dituela eta elkarrekin erdietsituko ditugula. Hortaz, zuen berri espero dugu.



Adeitasunez!

TRANSHISTO elkartea.