HIZKUNTZA



Azken inkesta soziolinguistikoen arabera, euskararen erabilerak gora egin du nabarmen urte batzuetatik hona. Hala, guztira, 750.000 euskaldun daudela badakigu, baina zenbat euskal hiztun baino, nolako euskaldunak garen aztertu nahi dugu.

Hau da, gauza bat da euskaldun kopurua, euskararen gaitasun hutsa daukaten pertsonak, alegia, eta oso bestelakoa pertsona horiek euskara zenbateraino erabiltzen duten. Izan ere, aipatutako inkestek diotenez, euskaldunen laurdenak bakarrik erabiltzen du euskara egunero eta beren bizitzako arlo guztietan. Gainerako hiztunak, ordea, erdara hutsean aritzen dira, edota kalitate urriko euskañol-ean.

Egoera horretan, alde batetik, euskaraz aritzeko gaitasuna duten hiru laurdenek ez badute euskaraz egiten, zer gertatuko da beren hizkuntza-gaitasunarekin? Bada, pixkanaka urtu egingo zaizkiela euskaraz aritzeko baliabideak, eta, hala, euskara, edozein hizkuntza bezala, erabili ezean, galdu egingo da.

Bestetik, euskara erabiltzen duten hiztunek aukera gutxiago -bestela esateko, espazio gutxiago- dauzkate hizkuntza erabiltzeko. Espazio-murrizketa horrek euskara bazterketa egoera batera eraman lezake, hain zuzen ere, hiztunen klandestinitate eremu batera.

Adinaren arrakala ere aintzat hartu behar dugu. Inkestek diotenaren arabera, 15-25 urte bitarteko gazteek ez dute ez etxean ez kalean euskara erabiltzen. Euskara txikiak diren garaian bakarrik erabiltzen dutela diote, eta euskara gehiago ez erabiltzea ona ez dela aitortzen duten arren, kezkatzen ez zaien gaia dela esaten dute. Hau da, gazte horiek euskararen etorkizuna haien eskuetan ez dagoela pentsatzen dute, ez dira daukaten botereaz jabetzen.

Bi arazo hauek, hizkuntza erabiltzeko espazio faltak, batetik, eta gazteen utzikeriak, bestetik, sekulako indarra eragiten dute euskararen desagertzerako. Ez dauka zentzurik hezkuntzaren lehendabiziko urteetan euskarazko eredua nagusitzeko administrazioak eta gizarteak jarritako ahalmen guztiak ez badauka ume horien hurrengo urteetan ondorio positiborik. Era berean, adibidez, lan munduaren espazioan berau euskalduntzeko ematen diren aurrerapausoak ez dira aski izango hizkuntza batek bestearen gainetik jarraitzen badu.

Hori guztia kontuan hartuta, zeintzuk dira euskararen erabilera sustatzeko har ditzakegun neurriak? Bada, hasteko, hizkuntzaren eragile guztien arteko elkarlanerako asmo zintzoa lortu behar dugu. Administrazioak, enpresek, ikastetxeek eta gizartearen ordezkariek arazoa dagoela ikusi egin behar dugu.

Hor abiatuta, euskararenak izango diren espazioen sorketa bilatu behar dugu, eta arnasgune horietan euskarak izango du lehentasuna erdararen aurrean. Adibidez, enpresa batean, atsedenaldiak euskara erabiltzeko aukera izan daitezke, edota, partaide euskaldunak dauden kasuetan, bilerak erabat euskaraz egitea bultza daiteke.

Gazteen kasuan, oinarrizko hezkuntzaren osteko beren goi-mailako ikasketak zein lanerako prestakuntza euskara hutsean egiteko aukera eskaini beharko genieke. Horretarako, baina, irakasleen euskarazko prestakuntzan inbertsio handia egin beharko litzateke.

Hezkuntzatik kanpoko eremuetan, berriz, gizartearen indarra behar izango genuke. Horren adibidea da Euskaraldia, izan ere, Euskaraldia bezalako ekimenek irakatsi digute posible dela hizkuntza baten erabilera sustatzeko momentuan behar den bezala antolatzea eta arrakasta izatea.

Azkenik, esan dezagun, gure ustez, euskaldun kopuruak baduela ahalmena euskararen erabileran aurrera egiteko, eta posible dela hurrengo inkestaren emaitzak hobetzea denok elkarrekin eta batera aritzen bagara.