0 URTE ARKEOHISTORIAREN IBILBIDEAN 



      Arkeohistoria: Behe Erdi Aroa eta Aro Berriko Arkeologia aldizkariak 10 urte beteko ditu aurten. Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroa, Aro Berria eta Amerikaren Historia Saileko kideek 2011ko urtarrilean jarri zuten martxan proiektua, eta geroztik 20 ale argitaratu dituzte, sei hilabetero, 10 urtez. Hasiera zaila eta gogorra izan bazen ere, aldizkari sendo eta aberatsa dugu esku artean, eta hamarkada horretan tokiko zein nazioarteko adituen artean ospea lortu du. Izan ere, erreferentziazkoa bilakatu da XV. eta XVIII. mendeen artean ikerketa arkeologikoak egiten dituztenentzat. Ildo horretan goraipatzekoa da 2017ko ekainean argitaratu zuten ale berezia: Erresuma Batutik, Poloniatik nahiz Mexikotik bidalitako testuak jaso zituzten, eta Arkeohistoria nazioarteko aldizkari esanguratsuenen artean kokatu zen.  

      Arkeologia Historikoa, Arkeologia Modernoa edo Aro Berriko Arkeologia hainbat dira aldizkariaren ikerketa esparruak hartzen dituen izenak. Abiapuntua XX. mende amaieran du, Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko unibertsitateetako ikerketa taldeetan, eta ia 30 urte behar izan ditu unibertsitatean eta akademian sinesgarritasuna lortzeko. Izan ere, ez da erraza Historia bezain fidakaitza den diziplina batean berrikuntzak sartzea. Lortu dute, ordea, bide berriak irekitzea testu idatziekin aztertu ohi ziren gaiak lantzeko, eta gizarte aurrekapitalisten aztarna materialak arkeologiarenak diren teknikekin ikertu dituzte. Uka ezina da berritasunak ekarri dituela Historia eta Arkeologiaren jakintza esparrura eta proiektu interesgarri eta mamitsuak daudela martxan. 

      Azkenengo hamarkadan, diziplinaren egonkortzearen ondorioz, iturri idatziak eta arkeologikoak uztartzen dituzten ikerketa talde ugari sortu dira. Lurraldearen arabera, gainera, esparru ezberdinetara bideratu dituzte proiektuak. Horrenbestez, aurki ditzakegu adibideak Erdi eta Hego Ameriketan, Ingalaterra hegoaldean, kantauriar kostaldean nahiz itsasoan bertan. Esaterako, kolonialismoaren ondorioz isildutako komunitateen materialtasuna ikertzen dihardute Mexikon, Guatemalan eta Texasen; eta iturri idatzietatik lortu ezin duten informazioa arkeologiaren bitartez berreskuratzen ari dira. Beste kasu batzuetan, berriz, dokumentazio historikoa eta indusketa arkeologikoak maila berean jarri dituzte, eta, ondorioz, eskuratu duten informazioa bikoitza izan da. Gertuko kasua dugun horren adibide: Euskal Herriko burdingintza eta meatzaritza aurreindustriala. Burdinola eta meategi hainbat ikertu dituzte arkeologiaren bitartez azken urteetan, eta Nafarroaren kasuan, esaterako, ezezaguna zen ekoizpenaren nondik norakoak argitara atera dituzte. Behe Erdi Arotik hasi eta XVIII. menderaino bertako bizimodua arautu zuen jarduera izan zen burdingintza, eta Iberiar Penintsulako iparraldean urte luzez ikertua izan bada ere, Nafarroako pieza falta zen puzzlea osatzeko. 

     Irakurleak ohartuko direnez, atzetik datozen orrialdeetan munduko hainbat txokotako ikerlanak aurkituko dituzte: Nafarroako burdingintza eta meatzaritza aztergai dutenak; kolonialismoaren ondorioz eraldatutako Guatemalako komunitate indigenen ingurukoak; edota Afrika-Amerika-Europa merkataritza sarean integraturik zeuden eta itsasoan hondoratuta amaitu zuten pezioenak. Horiek dira aldizkari honen muina, eta oinarrian arkeologia dago. 10 urteak ospatzeko sortutako alea, 2017an gertatu lez, mugarri berri bat izango da aldizkariaren historian.