Pablo Gorosabel beka eskaera

Tolosan 2020ko ekainaren 16an
Jaun/andre hori:

Gutun honetako lehenengo hitzak nire burua aurkezteko erabili nahiko nituzke. Miren Usarralde naiz eta 27 urte ditut. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia gradua ikasi nuen. Ondorren, Artxibozaintza eta Dokumentuen kudeaketa masterra egin nuen Bartzelonako Universitat AutÃ³noman. Artxibozaintzak ibilbide akademiko laburra du; izan ere, beste zientzia batzuren laguntzailetzat hartua izan da historikoki. Belaunaldi berriko artxibozainok metodologia autonomo eta berritzaile bat garatu dugu, eta, horrek, iraultza eragingo du gure sektorean datozen hamarkadetan. Jakiundek sustatutako Pablo Gorosabel bekak hauspoa eman diezaioke aldaketa horri. Gainera, Euskal Herrian ez dago artxibozaintza ikasketarik: guztiok kanpoan ikasitakoak gara. Beraz, beka honek hemendik at lanean diharduten profesionalak erakartzeko balio dezake.
Egin dezagun orokortasunetik zehaztasunera; zer proiektu garatuko nuke Pablo Gorosabel beka lortuz gero? Bada, emakumeek ekoizitako funts dokumentalei ikusgarritasuna emateko lan egingo nuke.
Irisgarritasuna eta kontsultagarritasuna ez dira gauza bera. Legeak erabakitzen du dokumentu bat kontsultagarria den edo ez. Funtsak, halaber, artxibozainok - modu konzientean edo ez - bihurtzen ditugu irisgarri. 
Artxiboetan informazio eskerga gordetzen da: deskribapen artxibistikoa egitea nahitaezkoa da datuak berreskuratzeko. Historikoki modu pasiboan deskribatu izan da; dokumentuan ageri diren datuak jaso izan dira. Nire proiektuak deskribapen aktiboak bultzatu nahi ditu; hots, gaur egungo begiekin informazioa interpretatu eta, ondoren, datu horiek jaso. Adibidez, dokumentazio notarialetan gizonnak ageri dira emaile moduak emakumeek sustatutako negozioetan. Orain dela gutxi arte, senar, seme zein aitaren onespena beharrezkoa zen salmenta bat egiteko. Eskola zaharreko artxibozain askok ez luke emakumearen izena aipatuko deskribapenean; bigarrengo mailako informaziotzat joko lukete. Nire iritziz, baina, artxibozainok modu aktiboan emakumearen papera azpimarratu dezakegu. Itzalpetik atera, bere tokia eman.

Modu honetan, emakumeek ekoizitako dokumentuetara irisgarritasuna eskaintzen diegu erabiltzaileei. Ikertzaileak, gainera, datuak argitaratzean balioa gehitzen dio dokumentazioari. Ikusgarritasuna gisa honetan lortzean, interesa piztuko da aztertzaile askorengan. Sorgin-gurpil oso interesgarria sor dezakegu, beraz, artxibozainok. Guk estrukturatutako datuak oinarri dira hainbat ikerlanetan; abagune hori modu aktiboan lantzea da, funtsean, nire proposamena.

Hurrengo pausoa, datu horiei kokapen geografikoa ematea izango litzateke. Euskal Herriko mapa bat eratuko nuke eta bertan emakumeek ekoizitako funtsen informazioa partekatuko nuke erabiltzaileekin. Lan honetarako beharrrezkoa da erakunde eta artxiboen arteko elkareragingarritasuna sustatzea. Hitz xeheagoetan esanda, garrantzitsua da artxibo guztiek datuak modu homogeneoan jasotzea. Horrek aukera ematen baitigu erakundeen arteko datu elkartrukea errazteko. Txikitik handira egiteko, alegia.

Nire proiektua aurkezte hutsak lanerako grina pizten dit. Artxiboak zerbitzu publiko dira; gizartearekin eta gizartearentzat dihardugu. Iragana ikertuta etorkizun aberatsago bat lor dezakegu. Horregatik guztiagatik, Pablo Gorosabel beka lortu nahiko nuke. Unibertsitatean jasotako jakintzak praktikan jarri nahi ditut, eskarmentua lortu. Horrela etorkizunean euskal kulturaren alde lanean jardun, eta beroni nire ekarpen jatorrena eskaini.

Adeitasunez agurtzen zaituztet.


Miren Usarralde Zendoia
