Jakiunde
kale nagusia,1
01001 Gasteiz
Araba

Jaun/andre agurgarria:
Ana naiz, Euskal Bioetika Institutuko ikerlaria. Urte asko daramatzat berrikuntza teknologiko eta zientifikoek eragiten dituzten arazo sozial eta etikoei zuzenbideak nola erantzun behar liekeen aztertzen. Nire ibilbide profesionalean zehar, askotariko ikerlanak egin baditut ere, lagundutako ugalketa tekniken arloan, eta batez ere, gaueto emaileen anonimotasunaren auzian, egin ditut ekarpenik esanguratsuenak, gutxi baitira gai hori zuzenbidearen ikuspegitik eta euskaraz jarraitzen duten adituak.

Gutun honen bidez, sortu berri duzuen beka egitasmoan parte hartu nahi nuke. Duela 6 hilabete aurkeztu nuen Gaueto emaileen anonimotasuna eta jatorria ezagutzeko eskubidea nire azken azterlana eta lan hori argitaratzeko hainbat dirulaguntza eskaera egin nituen. Baina, tamalez, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak direla eta, bertan behera gelditu dira beka deialdi gehienak. Horregatik animatu naiz zuei eskabidea bidaltzera. Hautatua izanez gero, aipaturiko lana argitarazeaz gain, lagundutako ugalketa tekniken inguruko doktorego programa bat jarriko nuke martxan Euskal Bioetika Institutuan, giza ugalketaren alorrean espezializatu nahi diren orok prestakuntza Euskal Herrian eta  euskaraz jasotzeko aukera izan dezan.

Azkenaldian puri-purian dagoen gaia da gaueto emaileen anonimotasunarena. Izan ere, kohaintzan emandako hazi eta obuluetatik jaiotako askok laster beteko dituzte 18 urte, eta gazte horiek emaileak ezagutzeko eskubidea izan behar luketeen ala ez eztabaidatzen ari dira adituak. Hurrengo lerroetan azalduko dizkizuet polemika horren nondik norako nagusiak.

Europan, lagundutako ugalketa tratamenduen herena bikoteaz kanpoko pertsona baten gauetoak erabiliz egiten dira. Urteak dira jada aukera hori legez baimenduta dagoenetik, eta herrialde adina legedia badaude ere, orain arte, ezaugarri komun bat ezan dute guztiek: emaileen anonimotasuna. Azken urteotan, ordea, hainbat estatuk, Erresuma Batuak edo Alemaniak, esaterako, emaileen identifikagarritasunaren aldeko apustua egin dute.

Zenbait adituren ustez, dohaintzan emandako gauetoetatik jaiotakoek emailea nor den jakiteko eskubidea izan behar lukete, adin nagusitasunera heltzen direnean. Beraien iritziz, anonimatua mantentzearen aldekoek ernalkuntza kliniken negozio oparoa babestea beste helbururik ez dute, eta ez dituzte adingabeen interes gorena eta nortasuna garatzeko eskubidea bermatzen.

Dena den, badira anonimotasuna defendatzeko arrazoi sendoak. Jatorria ezagutzeko eskubidea onartzeak gehiegizko inportantzia ematen dio informazio genetikoari, eta ez ditu kontuan izaten familia sozialarekin sortzen diren lotura afektiboak. Harvard unibertsitateko azterketa psikologiko batzuen arabera, informazio hori ez da beharrezkoa, haurraren garapen pertsonal eta emozionala egokia izateko. Genetikari balio handiegia emateak mezu erabat okerra helarazten dio gizarteari. Izan ere, badirudi haur baten osaera genetikoan laguntzeagatik bakarrik bihurtzen dela emailea hau horren bizitzako pertsona garrantzitsu. Gainera, hainbat ikerketak frogatu dute datu horiek eskuratzea kaltegarria izan litekeela, familien oreka kolokan jar baitezake.

Bestalde, guraso genetikoak nor diren jakiteari funtsezko irtzita ere, harremanik gabeko identifikazio hutsa, hau da, izen-abizenak ezagutze hutsa, ez litzateke nahikoa. Halaber, informazio hori adinez nagusi izatean bakarrik eskuratu ahal izango litzatekeenez, informazioa eskasa izateaz gain beranduegi helduko litzateke, identitatea bizitza osoan jorratzen den arren, gehienbat, haurtzaroan eta nerabezaroan finkatzen da eta.

Horrez gain, norbaitek emailea ezagutzeko nahia edo beharra senti dezan, dohaintzan emandako gauetak baliatuz sortu dela esan behar zaio. Hori ezkutatzea ezinezkoa da guraso bakarrak edo bikote lesbianek, osaturiko familietan, bikote heterosexualek, ordea, ez diete ezer esaten seme alabei. Umeek euren sorburuaren berezitasunen berri izan ezean, identifikagarritasuna zein anonimatua ezartzen duten legeek ondorio bera dute: laguntza bidezko ugalketa teknikak erabiliz jaio dela ez dakienak ez ditu zalantzan jarriko ez bere ernalkuntzaren inguruabarrak, ez bere gurasoen nortasuna. Nahiz eta etxekoen artean sekreturik ez egotea eta haurraren autonomiarekiko errespetua desiragarria izan, legezko eginbide bihurtu ezin diren eskaera moralak baino ez dira.

Bukatzeko, azaldu berri dizuedan gaiaren inguruko nire iritzia helarazi nahi nizueke. Nire ustez, lotura sozialak genetikoak baino garrantzitsuagoak direla onartu eta dohaintzan emandako gaueto bidez jaiotako seme-alabei euren ernaltzea nolakoa izan den esateko betebehar etikoa lege izan arte, identifikagarritasuna ez da anonimatua baino onuragarriagoa izango. Beraz, ugalketaren arloa oso pertsonala eta intimoa dela kontuan izanik, estatuek ez lukete tartean sartu behar, eta guraso eta emaileen esku utzi beharko litzateke anonimotasunaren auzia.

Uste dut Jakiundek ez lukeela beka, zientzia eta zuzenbidea aztertzen dituen gai bati buruzko liburu bat argitaratzeko, eta arlo horretan euskaraz ikertzea ahalbidetuko duen proiektu bat abian jartzeko erabiliko duen pertsona baten hautagaitza baztertu behar.

Nire eskaera kontuan izango dituzuelakoan, zuen erantzunaren zain gelditzen naiz. 
Besterik gabe, agur.

Zarautzen, 2020ko ekainaren 16an
