Hiri antolamenduaren kudeaketa gizarte politika gisa



Azken hamarkadetako aztergai izan da hiria fenomeno sozial gisa. Sarri aztertu da teknologia berriek nola astindu dituzten aurreko mendeetan eraikitako egungo gizartearen zutoinak. Haatik, industrializazioarekin batera sortutako hiriek, zeintzuek herrialde aurreratuetan populazio gehien kontzentratzen baituten, zeresan esanguratsua izan dute XX. mende hasieratik hona sortutako klase sozialekin. Beraz, teknologiarako irisgarritasuna bezalako irizpideak alboratu gabe, hiria, haren kudeaketa eta horren ondoriozko garapena funtsezko elementutzat har genitzazke egungo gizarte-arrakalak aztertzeko garaian. 



Ez nuke adanismoan erori nahi honako gogoeta hau plazaratzean. Izan ere, interes ekonomikoek erakunde publikoetan eragina izateko asmoa ez da XXI. mendeko gaitz berria. Aspaldi asmatutakoa da lobby hitza, eta hark ere aspaldi asmatu zuen botere demokratikoen erabakietan eragiten terminologia horretatik ihes eginda: elkarlan publiko-pribatua, bideragarritasun ekonomikoa, interes soziala, eta abar. Horrelako joeren detekziorako zailtasunak areagotu egiten dira administrazioaren tamaina zenbat eta txikiagoa izan. Zer esanik ez, administrazio horrek kudeatzen duen eremuak gero eta jende gutxiagori eragin. Ondorioz, udaletan negozio-aukerarako iturri oparoa aurkitu dezakete eraikuntza alorreko enpresek. 



Egungo bizimoduaren eraginez hiritar izatera kondenatutako herritarrek dituzten premiei erantzuten saiatzen dira administrazio publikoak: garraio publikoa, hezkuntza, etxebizitza... eta beharrizan horiei erantzuteko asmo onak agertzen diren hein berean agertzen da diru gosea. Behoa aurretik ez dagokidala horren inguruko epairik ematea: sinbiosi ariketa horren ondorio dira gure udalerrietan indarrean ditugun Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak (aurrerantzean, HAPN). Horietan jasotako arauen arabera jaio dira auzo berriak eta hustu dira besteak, mantendu dira eraikin batzuk eta eraitsi besteak, eta abar luze bat. Urteen poderioz ematen diren eraldaketa urbanistikoek badute aurretiazko plangintza bat, eta horren ondorioz hartzen diren erabakiek ondorioak dituzte gizartearen kohesioan. Hori aztertzea -apaltasun osoz diot- badagokit, eta azterlanetik abiatuta dakarkizuet gogoetarako gonbite hau, unibertsitate komunitateak azterlan akademikoen bidez gizarteari orientazio estrategiko baterako irizpideak zehazten lagundu behar diola sinetsita. 



Gauza jakina da mundu mailako krisi ekonomiko-finantzarioa iritsi aurretik herritarrek etxebizitza gehiago eraikitzea eskatzen zutela. Bi faktore izan behar ditugu kontuan. Batetik, hamarkada gutxian familia-ereduan (eta, ondorioz, etxe berean bizi diren senide kopuruan) izandako eraldaketa; eta, bestetik, klase ertain akomodatuak bigarren etxebizitza eskuratzeko XX. mendean sortutako joera. Eskaera horri nork hobe erantzungo lehian aritu ziren zeinu bateko zein besteko alderdi politikoak 1990. hamarkadan hasi eta burbuila hark eztanda egin zuen arte. Gehienok Lemann Brothers sekula entzun gabe genuenean diseinatutako HAPNek aukera argia egin zuten etxebizitza berrien alde. Eraikigarritasuna aitortu zitzaien nekazaritzara eta baso ustiapenera zuzendutako lursailei, gure herrietako historia garaikideko ikur izan zitezkeen fabriken eraikinak eraistea planifikatu zen, aztertu gabe horiek izan zezaketen balio arkitektonikoa, eta auzo batzuk goitik behera berregiteko proiektuak mahaigaineratu ziren. Hiri handi eta herri ertainetako alkateek eztabaida abiatu zuten Lurralde Antolamendurako Irizpideek beren udalerriei eraikigarritasun handiagoa aitortzeko, etxebizitzak eraikitzea baitzen herritarren premia nagusia, baina ez hori bakarrik: baita atxikitako urbanizazio-kargak ere, alegia, inbertsio publikorik gabeko parke eta kale berriak, saihesbideak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzu publikoetarako lokalak. 



Horrek guztiak badu eraginik. Planeamendutik kanpo geratutako eraikinetan, legez, jabeek ezin dute egitura-konponketarik egin