Zuzenbidea Izenburua: Ezgaitasun zibila Unibertsitatea.net 
Ezgaitasun zibila. 
Bilboko ezgaituen elkarteko abokatua 
Ezgaitasun zibila Zuzenbide Zibileko instituzioa da. Zuzenbide graduko lehenengo kurtsoan azaldu ohi da. Horregatik, zaila izaten da ikasleek kontzeptua ondo ulertzea. Hori aintzat hartuta, nire espezialitateko irakasleak laguntzeko asmoz, eskolak emateko baliagarri izango zaien azalpena partekatzen dut. Jarduteko gaitasun orokorra duten pertsonek egintza eta negozio juridikoak egiteko gaitasuna dute: ondasunak erosi, saldu, alokatu eta abarretarako. Bestela esanda, pertsona horiek ez dute legezko ordezkaririk behar eguneroko jarduerak aurrera eramateko. Baina badago jendea beste pertsona baten laguntza behar duena. Pertsona horiek, ezgaiek, epai judizial baten bitartez, jarduteko gaitasuna osorik edo zati batean murriztua ikusten dute. Horren helburua, azken batean, ezgaiaren babesa da, pertsonarena eta haren ondasunena Noski, edozein pertsona ezgaitzeko, arrazoi argiak bete behar dira. Ezgaitze-arrazoiak dira norberari bere burua gobernatzea galarazten dioten gaixstasun edo akats iraunkorrak, fisikoak izan nahiz psikikoak izan, kode zibilaren 200. artikuluak ezartzenduen moduan. Definizio hori azaltzea nahitaezkoa da ikasleek uler dezaten. Gaixotasunak iraunkorrak izan behar dira. Gaixotasun horiek aldi baterako egoera badira, adibidez, mozkorraldia edo ebakuntza osteko egoera, ez dira ezgaitze-arrazoia izango. Horrez gain, gaixotasunak ezgaiaren beraren burua gobernatzea galarazi beharko dio Gauzak horrela, ezgaitze arrazoiak dira, esaterako, alkoholismoa eta Parkinsona. Ezgaitasun hitza entzuten dugunean, ez zaigu bururatuko Zuzenbide zibileko instituzioaren benetako esanahia. ezgaitasunarena, alegia. Zuzen egongo naiz gogora datorkiguna desgaitasuna duen pertsona bakarrik bada. Horregatik, kontzeptua ondo uler dezagun, desgaitasuna eta beste instituzio batzuk bereizi behar ditugu. Honako kontzegtu hauekin nahasi ohi da: dasgaitasunarekin, mendekotasunarekin eta lanerako ezintasunarekin. Alde batetik, ezgaitasuna eta desgaitasuna ez dira gauza bera. Desgaitasuna duen pertsonak eguneroko jarduerak aurrera eramateko muga fisikoak zein psikikoak ditu. Pertsona hori ezgaitu daiteke jasaten duen minusbaliotasunak kode zibilaren 200. artikuluak ezartzen dituen arrazoiak betetzen baditu. Beste aldetik, mendekotasu- narekin aldeak ere baditu, horrek beste pertsonen zainketa behar dituzten pertsonen egoera arautzen baitu. Azkenik, lanerako ezintasunarekin berdin gertatzen da: lan arloan gauzatzen da, eta jarduera profesional batean aritzeko gaitasunik gabe uzten duen ezintasunari egiten dio erreferentzia. Beraz, kontzeptu desberdinak dira. Zentzutasun-mailaren arabera, laguntzailea ezgaituaren tutorea edo kuradorea izango da. Tutoreak ezgaia ordezkatzen du, kuradoreak, berriz, ez du ezgaia ordezkatzen, ezpada horren gaitasun falta osatu, epaileak epaian zehaztutako arloetan lagunduz. Horrez gain, inguruabar berririk agertuz gero, beste prozesu bat eska daiteke, jada ezarri den ezgaitasuna ondorerik gabe uzteko edo horren norainokoa aldarazteko, Prozedura Zibilaren legearen761.1. artikuluaren aginduz. Baina, adin nagusikoak bakarrik ezgaitu daitezke? Ezgaitasunaren inguruan ari garela, pertsona helduak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, adingabeak ere ezgaitu daitezke, nahiz eta horiek guraso-ahalaren mende egon. Irakasleek salbuespen hori ahazten dute, eta gaur egun gero eta kasu gehiago ematen ari dira. Horregatik, ezinbestekoa da ikasleei hori aipatzea, eta honako laburpena erabiltzea. gomendatzen dut. Adingabeak ezgaitzeko baldintzak hauek dira: umeak ezgaitze-arrazoia pairatu behar du eta, gainera, zentzuz aurreikusi behar da adin nagusitasunera heldu eta gero ere iraungo duela, Kode Zibilaren 201. artikuluak ezartzen duen eran. Arrazoiak honako hauek dira: alde batetik, adingabea babestea, hemezortzi urte betetzen dituen unetik (guraso-ahale askentzea dakarrena) eta epaia ematen den arteko denbora tartean, beste aldetik, jarduteko gaitasuna murriztea, zeren zenbait negozio juridiko aurrera eraman baititzakete beren kabuz (esaterako, testamentua egitea). Gauzak horrela, nago ezgaitasun zibilak bizimodurako funtsezkoak diren erabakiak hartzeko babesa eta laguntza eskaintzen duela: ezgaiek legearen babesa izango dute. Hori da, hain zuzen ere, Zuzenbide Zibileko instituzioaren muina. Beraz, ideia horretaz eta egindako azalpenaz baliatuta, irakasleek lortuko dute ikasleei zaila iruditzen zaien gaia era sinplean aurkeztea.
