Hedabideak eta komunikazioa



Ez beranduegi oraindik



Erabakiorra izan zen euskal hedabideek orain hamarkada bat lortu zutena. Zaila bazirudien ere, garaiz igo ziren lehen iraultza digitalaren olatura: webgune eta sare sozialen logikara egokitzen jakin zuten, bidean komunitatearekin zuten lotura estua galdu gabe. Baina badira gutxienez bost urte bigarren iraultza heldu zela: mugikorren garapenak eta 4G teknologiak ikus-entzunezkoak edozein tokitan kontsumitzea ahalbidetu zuten; eta hala ere, euskarazko bideoen ekoizpenak oso urria izaten jarraitzen du oraindik. Euskal hiztunek beste hizkuntza batzuetan egindako edukietara jotzea beste aukerarik ez dute. 



Arazo horri konponbideak aurkitzeko grinak euskal hedabide eta unibertsitateetako ordezkariak elkartu gaitu berriki. Egun oso bat eskaini diogu kezkak eta proposamenak partekatzeko lanari.  Bulegoetatik haragoko bidea egiten ez badute, adituen hitzak alferrik dira ordea; horregatik ekarri ditugu bertan nabarmendutako esanak Argiak eskainitako tarte honetara.



Has gaitezen azalpenetik: zergatik da hain urria euskarazko ekoizpena? Ez dirudi arrazoia ideia falta denik: literatur ekoizpena aberatsa da, dozenaka herri hedabide, podcast eta antzerki-talde daude. Ideiak egon badaude, sareko ikus-entzunezkoetara bideratzen ez badira ere. Baina zergatik? Neurri handi batean, ekonomikoa da arazoa. 



Ingelesez, frantsezez edo gaztelaniaz aritzen diren eduki sortzaileek bi modutara ateratzen dute etekina. Batetik, Youtube gisako plataformek ikustaldi kopuruaren arabera ordainsari bat ematen du; eta bestetik, hainbat enpresa pribatuk jotzen dute haiengana, dirua eskainiz promozio lanen truke. Modu horretan, milaka dira sareko ikus-entzunezkoak sortzeari esker bizi daitezkeenak, hori beste lan ordaindu batekin uztartu beharrik gabe.  



Euskal hiztunak egoera larrian jartzen gaitu horrek. Kuantitatiboa baita afera: euskara ulertzen dugunok osatzen dugun lagina ez da nahikoa handia sarean ikus-entzunezko edukiak sortzetik bizibidea ateratzeko, ez ikustaldien bidez, ez eta marka aberatsek egindako eskaintzei esker ere.



Ikus-entzunezkoak sortzea garestia da. Hori da, hortaz, azalpenik errazena. Eta bai: bistan denez, garestiagoa da ikus-entzunezko erreportaje bat egitea paperean soilik idaztea baino. Baina zerbait garestia dela esaten dugunean gastutzat ari gara jotzen. Eta sareko ikus-entzunezko eduki sortzaileak laguntzeak ez genuke gastuen atalean kokatu behar, inbertsioenean baizik. Eta nor hoberik onura publikoa ekarriko duen inbertsio bat egiteko, erakunde publikoak baino? Garestia da bai; baina ez ote zaigu garestiago aterako euskal hiztunak zer ikusi eta entzun gabe uztea?



Erakunde publikoek ETBrekin nahikoa egiten dutela lezake inork. Oker dago. 

Ohiko telebistak jada ez du orain hamarkada batzuk zuen eragiteko gaitasuna. Ez, behinik behin, nerabe eta gazteen artean. Egin kontu: ETBko ikusleen %70k berrogeita hamar urte edo gehiago ditu . Ez da nahikoa, hortaz, euskarazko kate dagoeneko ahuldua gehiago indartzea. Ezinbestekoa bai, baina nahikoa ez. Alferrik izango da ETB1en gazteek maite duten saio bat izatea, gero mugikorrean etengabe beste hizkuntza batuetan egindako edukia jasoko badute. Arazo berriek konponbide berriak behar dituzte. 



Irtenbide horiek bi bidetatik abiatu behar dira gutxienez: batetik, hedabideei ematen zaien laguntzen irizpideetan ikus-entzunezko ekoizpenak sortzea saritu behar da; eta bestetik, nerabeen artean bekak eskaini behar dira sareko bideoen sorkuntzan has daitezen. Hori, gutxienez. Berandu da, baina ez beranduegi oraindik.