DABILEN HARRIARI GOROLDIORIK EZ 



Duela hamar urte hezkuntzaren eta teknologiaren inguruan hausnartzen hasi ziren hainbat irakasle, hezitzaile eta guraso. Garai hartan, eraldaketa digitala ikastetxeetan nahiz irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan modu esanguratsuan eragiten hasia zen, eta, besteak beste, Eskola 2.0 Eusko Jaurlaritzaren ekimena ere, hezkuntza-zentroetan txertatzen ari ziren. Egoera horretan, baina, hezkuntza-komunitatea iparra galduta sentitzen zen, eta behar horretatik abiatuta loratu zen TDHEZI elkartea eta aldizkaria.  



Sorreran, helburu nagusia, hezkuntza-zentroak teknologia pedagogiarekin uztartzeko gai izan zitezen,  hezkuntza-komunitatearen sostengu izatea zen. Lehen urte haietan zerbait utopikoa bazirudien ere, egindako lan andanari esker, Euskal Herrian zein nazioartean erreferente bilakatu da proiektua, eta ugari izan dira elkartera batu diren bazkideak. 



Bidea, ordea, ez da erraza izan, eta, are gutxiago, azken urte hau. Garai zailak bizi ditugu, eta COVID19ak gizarteko esparru guztietan eragin du. Testuinguru honetan, teknologia digitala gure bizitzetako protagonista nagusiena bilakatu da eta hezkuntzan ere paradigma-aldaketa nabarmena atzeman dezakegu. Zenbait ikerketek, irakasleen konpetentzia digitalean egon den gorakada azpimarratzen dute. 



Era berean, zinez txalogarria dela deritzot azken hilabeteotan hezkuntza-komunitateak erakutsi duen jarrera, indarra eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna. Ildo beretik, ezin aipatu gabe utzi ikasturte hasierari begira TDHEZIk antolatu zuen webinar-sorta, irakasleentzat prestakuntza-, ilusio- eta motibazio-iturri izugarria izan baitzen. 



Aitzitik, esku beretik lotuta doaz teknologiak eskaintzen dituen aukerak eta arriskuak. Ondo baino hobeto dakigu teknologia lagun asko erraztu zaizkigula gure bizitzak, baina saihestu beharreko arriskuak ez dira gutxi; esaterako, sare sozialen erabilera, kontsumo-ohiturak, aztarna digitala, menpekotasuna...  Gai hauei arreta berezia eskaini behar diegu ezbairik gabe; izan ere, egungo ikasleak natibo digitalak diren arren, euren konpetentzia digitalak hutsune ugari ditu.  



Halaber, irakasleen formakuntzak eta prestakuntzak lehentasuna izan behar du, ez baita aski ikasgelak ordenagailuz eta arbel digitalez hornitzea. Teknologia digitalek ikasleengan hainbat balio eta ezagutza (autonomia, pentsamendu kritikoa, sormena...) sustatzeko balio izan behar dute, eta, horregatik, irakasleak metodologikoki eta pedagogiko ahalduntzea dagokigu. 



Bestalde, ezin dugu egunerokoan erabiltzen ditugun tresnok neutroak izango balira bezala jokatu, eta, beraz, beharrezkoa da hauen gaineko ikuspegi kritikoa eraikitzea. Izan ere, erabaki teknologiko orok, ikuspegi pedagogikoa, soziala nahiz linguistikoa behar ditu. Azken urte honetan hainbat erabaki azkar eta egoerak bultzatuta hartu baditugu ere, ura pasa ostean presa egitea alferrik denez, orain da garaia etorkizuneko hezkuntza-eredua irudikatzeko.  



Beraz, teknologia digitalak eguneroko testuinguruan integratu eta ikasleak ikasketa-prozesuaren erdigunean jarri nahi baditugu, egindako bideaz eta egiteko dugunaz hausnartzeko parada hartu behar dugu. Alderantziz, nekez erantzungo diegu XIX. mendeak dakartzan erronkei. 

  

Esanak esan, guk elkar behar dugun lez, teknologiak eta pedagogiak ere elkar behar dute. Hortaz, beste hamar urtez bederen, jarrai dezagun pausoz pauso bidea elkarrekin egiten, dabilen harriari ez baitzaio goroldiorik lotzen.