HAMARKADA BATERAKO OPARI EGOKIA



Duela hamar urte, Iruñeko taberna txiki batean bildu ginen hiru lagunek ez genuen espero eskuetan duzun ale honekin batera beste hamar mila kaleratuko zirenik. Gure helburu xumea zen mendi-lasterketen inguruko istorioak biltzea, eta, noski, lasterketa horien emaitzak xehetzea.



Bada, hamar urte bete ditugun honetan, atzera begiratu eta harro esan dezakegu xede hori lortu dugula. Gure aldizkariko orrialdeetatik, korrikalari ezagun zein ezezagun asko igaro dira. Baliatu ditugu egindako elkarrizketak eta artikuluak mendia ulertzeko dugun modua azaltzeko, eta, saldu ditugun ale kopurua ikusita, jende askok partekatzen duen ikuspuntua dela ikusi dugu.



Pozten gaitu, halaber, irakurleen babesa nabaritzea ale bakoitza kaleratu eta sare sozialetan sortzen diren eztabaideak irakurtzean; izan ere, iritzi ezberdinen gainetik, irakurle guztiengan antzematen da mendiarekiko errespetua, eta hori guretzat kirol honen oinarria da.



Hamar urteko ibilbidea burutzea ospatzeko moduko lorpena da, baina, egia esan, ez genuen opari berezirik espero. Hortaz, joan den astean, txundituta gelditu ginen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi zuenean mendi-lasterketek 2024. urteko Pariseko Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izango dutela.



Hainbeste maite dugun kirolari bultzada itzela emango dio erabaki horrek. Kirol herrikoia da eta izaten jarraitu behar du, baina ez zaio ukatu behar azken hamarkadan izan duen garapena. Mendi-lasterketek kirol esparrua aspaldi gainditu zuten; alegia, herri txikientzako baliabide sozial eta ekonomikoan bihurtu dira. Hala, despopulazioaren mehatxua Euskal Herriko hainbeste herriren gainean dugun honetan, etorkizunerako aukerak sortzeko beste tresna bat izan daitezke.  



Olinpiar Jokoetan parte hartzearen alderik onena ikusgarritasuna da; aurreko ideiarekin lotuta, mendi-lasterketek oihartzun zabalagoa izango dute, eta, ondorioz, onurak helduko zaizkie bai antolatzaileei baita probak hartzen dituzten herriei ere.



Antolatzaileen ikuspegitik, horrelako erakuslehio batekin, babesleek dirua inbertitzeko aukerak ugarituko dira. Udalen ikuspuntutik, berriz, euren herriek hartzen dituzten lasterketen mailak gora egiten badu, herria erakargarriagoa egin eta bisita kopurua handituko da. 



Ezin dugu ahaztu, halaber, Euskal Herrian horrelako probetara milaka zaletu joaten direla. Korrikalaria ezagutu ala ez, euskaldunek berezkoa dugu animatzeko grina. Horrek, besteak beste, Zegama-Aizkorri mendi-maratoia munduko lasterketarik garrantzitsuena izatera eraman du. Beraz, zaletuen aldetik ere, Olinpiar Jokoetan parte hartzea oso aberasgarria izan liteke.



Ale berezi honetan, ordea, zuhurtzia ere eskatuko dugu. Ezin dugu ukatu Olinpiar Jokoek badituztela arriskuak; esaterako, hainbestetan salatu izan den kirolen gehiegizko merkantilizazioa. Aurretik esan dugun bezala, gurea mendian egiten den kirola da, eta ezinbestekoa da mendiarekiko errespetua edozer gauzaren gainetik jartzea. Horregatik, ondo aztertu behar dira Olinpiar Jokoek eskaintzen dizkiguten onurak.



Zorionez, urteurrena ospatzeko osatu dugun ale berezi honetan, mendi-lasterketen munduan ditugun izen garrantzitsuenen iritziak irakurri ahal izango dituzue. Beraien laguntzarekin, gure kirolari zabaldu zaion bide berria aztertu, eta, alde positibo zein negatiboei buruzko hausnarketa egingo dugu.



Horrekin guztiarekin, gure aldetik beste helburu bat lortuko dugu, eta, bide batez, datozen hamar urteetarako indartuta aterako gara.