Jakintza esparrua: Hezkuntza



HITZAURREA



Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen duen Hezkuntza berritzen jardunaldiaren hogeigarren edizioa izan dugu aurten. Urte berezia izan da, bai jardunaldia egiten den hogeigarren urtea izan delako eta horrek ospakizuna merezi duelako, bai pandemia bat dugulako tarteko eta horrek mundua hankaz gora jarri duelako. Hala ere, urtero legez, uztailaren lehenengo astean bildu ginen hezkuntzan, pedagogian, psikologian eta beste hainbeste disziplinatan adituak garenak. 



Jardunaldi honen xedea da hezkuntza berritzaileak eskaintzen dituen aukeren inguruko informazio zehatza ematea eta teknika, metodologia berri eta aurrerapausoren inguruan jakinaren gainean egoteko hitzaldiak eskaintzea. Covid-19aren ondorioz, aurrez-aurreko jardunaldiak posible izan ez zirenez, bideokonferentzia bidez egin genuen jardunaldia, baina, egoera nahiko aproposa izan zela esango nuke, izan ere, online irakaskuntza eta modalitate semi-presentziala izan ditugu hizpide jardunaldiotan eta aukera ezin hobea izan dugu gai hori jorratzearekin batera online modalitatea zer den bizitzeko.



Interneten eragina gure gizartean oso nabarmena da; gizarte postmodernoan bizi garen aldetik IKTak guztiz txertatu ditugu gure egunerokotasunean. Euskal Estatistika Institutuaren 2016ko datuen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko helduen % 89ak du internetera konektatzeko balio duen gailuren bat (ordenagailua, smartphonea, tableta...) eta gailu horien erabilpenari dagokionez, % 92,5ek astean 3 egun edo gehiagotan erabiltzen duela esan zuten. Beraz, teknologia guztiz normalizatu badugu gure eguneroko bizitzan, zergatik ez hezkuntzan?



Ikuspegi soziologikoa aplikatuz, gizarteak eta hezkuntzak lotura oso estua dutela gauza jakina da; gizartea aldatzen doan heinean, hezkuntza moldatuz joan behar da, bestela, atzean geratzeko arriskua dago. Eider Goiburua soziologoak 2019. urtean argitaratutako EAEko hezkuntza sistema eta IKTak ikerlanean azaltzen den bezala, EAEko eskola sisteman bost zentrutik bik baino ez zituzten erabiltzen liburu elektronikoa, arbela digitala eta ikasgela birtuala bezalako baliabideak 2017. urtean. Harrez geroztik, zentro gehiagok egin dute IKTak ikasgelan txertatzeko saiakera, baina, saiakera horiek dagokion formakuntzarik gabe ez dira guztiz eraginkorrak. Irakasleek informatuta egon behar dute irakaskuntzan dauden joera berriak zeintzuk diren jakiteko eta lan egiteko tresna berritzaileak ikasgelan modu egokian erabiltzeko. Ezinbestekoa da etengabeko prestakuntza izatea, irakasle garen era berean ikasle izaten jarraitu behar dugulako eta hobetzeko prest egon behar garelako beti.



Koronabirusak gure gizartean izan duen eragina nabarmena da; hezkuntzan ere eragin izugarria izan du, eta izango du hemendik aurrera. Bizi izan dugun salbuespen egoera, beraz, hezkuntza berritzailea sustatzeko aukera aproposa dela pentsatu nahi dut. Orain arte hezkuntza metodo tradizionalei lotutako teknikak eta baliabideak erabili izan ditugu hezkuntza formalean, eta, agian, garaia da eskolak eman eta jasotzeko erari buelta bat emateko. Orain arte, online modalitatea sustatzeko ahalegina egin dute zenbait unibertsitatek, tartean Udako Euskal Unibertsitateak, zeinek 2020-2021 ikasturterako modu ez presentzialean eta euskaraz eskaini duen Irakaskuntza masterra, metodologia guztiz berritzaileak erabiliz. Jardunaldi honetan parte hartu du master horretako arduradunak, online metodologia sustatu duten beste hainbat aditurekin batera; horrela online hezkuntza formala sustatzeko unibertsitate mailan, baina, batez ere derrigorrezko hezkuntzan.



Irakasleoi etorkizunak dakarkizkigun erronkei aurre egiteko erreminta baliotsua da argitalpen hau.  Jardunaldi honetan bildutako adituen hitzaldiak edozein irakaslerentzako baliozkoak izango direlakoan nago. Hortaz, irakurle: zabaldu begiak eta arreta handiz irakurri datozen lerroak, ikasten jarraitu eta baita irakasten ere.



Irakaslea eta EHUko ikerlaria
