021-2022 ikasturteari ongi etorria ematen diogu EHU-ko Euskal Filologia Fakultateak udazken hasieran kaleratzen duen Euskararen mintzoa aldizkarian. Ongi etorri, halaber, bertako komunitatea osatzen duzuen partaide guztioi. Fakultate honetako euskararen erabileraren normalizaziorako hizkuntza-arduraduna naizen aldetik, ikasturte berri honek ekarriko duen berrikuntza helaraztera natorkizue. 



Denon ezaguna da pandemia gutako askoren ustezko amaigabearen zantzuek nabariak izaten jarraitzen dutela eta edozertarako hartu behar diren neurri, hainbaten ustez, gogaigarri eta zenbaitetan deserosoek ez digutela gure giza-harremanetan nahiko genukeen bezala laguntzen. Argi dago hauek ez direla sozializatzeko garai onenak, edo behintzat garai batean sozializatze hura hertsiki ulertzen genuen modukoak. Are gehiago sozializatze hori gure ama-hizkuntza ez den hizkuntza batean egin behar badugu. Gure arteko distantzia fisikoa mantentze hutsak hoztu egiten ditu nolabait gure eguneroko hartuemanak berezko genuen adierazgarritasuna eta naturaltasuna galduz.



Oztopoak oztopo, ezin dugu gure ikusmira galdu eta urte askoren ondorengo  eta pertsona anitzek euskararen alde egindako lanak osatutako arbolak eskainitako kimuak maitekiro zaindu behar ditugu duela lau hamarkada amestutako fruituak alferrik ez galtzeko eta etorkizunean letozkeenak ahalbidetzeko. Eman eta zabal zazu; hala dio Unibertsitateko leloak. Horretan ari gara. Ezaguna denez, fakultate honetan gure hizkuntza sustatu eta erabilerara bultzatu nahian dihardugu. 



Helburu hau ardatz, aurten Fakultateko ikasleei zuzendutako ekimen baten berri eman nahi dizuet. 2021-2022 ikasturtean Filologia Fakultateak EAEko Funtzio Publikoaren Sailarekin batera proiektu berria jarri du martxan: beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten fakultate honetako ikasleek Euskal Funtzio Publikoan aritzen diren eta Hizkuntz Eskakizuna lortu baina euskara erabili ohi ez duten langileei laguntza eskaintzeko programa da. Programa honetan parte hartzeak 100 kreditu lortu izana ziurtatuko dio ikasleari eta unibertsitatetik lan mundurako atea zabaltzen lagundu; izan ere, ekimen honek haratagoko helburua du: etorkizunean ikasleak kontuan hartuak izango dira aritu diren saileko kontratazio lan-poltsetan.



Ezaguna da (eta zenbaitetan izerdiz sufrituta ere) euskal gizartea egin eta egiten ari den esfortzua euskararen erabileraren normalizazioa gerta dadin. Denok ezagun dugu euskal funtzioniarioren bat urteak eman dituena bere lanari dagokion hizkuntza eskakizuna lortzeko eta zeinbatetan  lortze horrek  eragin dion pozaren lekuko izan gara. Errealitateak, ordea,  ez digu horrenbesteko ahalegina egin ondorengo lorpen horren protagonisten beharko lukeen hizkuntza erabilera normalizatua erakusten. 



Gauzak horrela, programa honetan parte hartzeko oniritzia eman duten Funtzio Publikoko langileen eta Unibertsitateko Euskal Filologiako ikasleen lanaz baliatu nahi dugu aipatutako helburua lortze aldera,

ziur baikaude, kolaborazio honen ondorioz, denok irabaziko dugula eta euskararen mintzoa gaur arte ohikoa ez duten hiztunen alorretara zabalduko dela. Horrenbestez, denon etorkizuna  euskal etorkizuna izan dadin, ekimen berri honetan parte hartzera gonbidatu nahi dut euskal ikaslegoa.