ZUZENBIDEA
Izenburua: 

Berrikuntza teknologikoen aroa dugu egungoa: aro digitala. Internet, mugikor eta beste hainbeste gailuk gure egunerokoan lekua hartu dute, baita protagonista bihurtu ere. Gaurko egoeran, alabaina, teknolgiak ematen dizkugun abantailak asko badira ere, ken diezagukena ere asko da. Gure pribatutasuna. Hori buruan, 1995. urtean hasi zuen EBk datu-babesa arautzeko bidea, datu-babesari buruzko lehenengo zuzentarauarekin.

Hasian-hasi, jarraipena eman behar araudiari, eta, hala, arau berria onartu zuen Europak 2016an: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, datu-babesaren eremua astindu duen araua. Hain zuzen, DBEOk edukitako eragina hain izan da handia, ezen datu-babesa ikasgai autonomo bihurtu duen.

Hainbat dira erregelamenduak berritu dituen eremuak: interesdunaren adostasuna, ezarpen-eremua, kaltetuen eskubideak, legeztatze- oinarriak, etab. Zehapen-araubidea izango da, hala ere, garrantzitsuena: EB osoko legediek jasotako zehapenak bateratu egin ditu, hainbat herrialdek aurka eginagarik. Bada, egungo arau-hausteei zehapen astunagoekin erantzungo zaie, neurrigabeko erantzuna bada ere, atzean herritarron pribatutasuna baitugu.

Enpresak kexu dira: herritarren datuek etekin ekonomikorik ez diete emango orain. Europak, baina, bere bidea jarraituko du. Horretaz gain, halaber, beste arlo batean ere eragingo die arau berriak batzuei: ezarpen-eremuan. Pertsona-, lurralde-, eta jardun-irizpideak banatzearen amaiera akarri du, eta, hala, arauaren eraginaren menpe geldituko direnen eremua zabaldu.

Zehapenak zehapen, ezarpena ezarpen, eskubideek izan dute berrikuntzarik nabarmenena. 1995ekoak aintzatetsitako eskubideak egokiak izanik ere, zerrenda handitu du EBk oraingoan: sarbide-eskubidea, aurkaritza-eskubidea eta eramangarritasunerako eskubidea. Mehatxu berriei aurre egiteko tresna berriak; pertsonen babesa erdigunera eraman da.

Pribatutasuna aldarri bihurtuz, Datuak Babesteko Europako bulegoa sortu du, sortu ere, araudi berriak, arau-hausteen zein erakundeen izapide ororen kontrola eramango duen erakundea. Nork bere bulegoa edukitzea ezabatu da horrela, eta, beraz, Europako bulego orokor bati eman zaio hasiera.

Jakina denez, bestalde, edozein esku-hartzek oinarri sendoa behar du; legeztatze-oinarriei egokitu zaien lana. Irizpide argia izan dute kontuan: zenbat eta esku-hartzea kaltegarriagoa izan, orduan eta babes neurri gehiago jaso. Hala, botere publikoren batek esku-hartzeren bat egin nahiko balu, modu zurrunean bete beharko lituzke DBEOren aginduak; zehapenik jaso nahiko ez balu, behintzat. Horretaz gain, era berean, legeztatze-oinarriak galbahetu, murriztu, indartu eta hobetu egin dira, segurtasuna mantentze aldera.

Bi-bitara datoz, hortaz, arau berriaren emaitza eta ondrioak: lehen-lehena, ezarpen-eremua zabaltzea, babesa heda dadin; bigarrena, aldiz, interesdunei eskubide-sorta zabal-zabala aintzatestea, herritarrek tresna gehiago beren esku izan ditzaten, mugatuak diren arren. Hainbatez, babes izaera argia dauka erregelamenduak; hain zuzen ere, pertsonak eta beren pribatutasuna babestea berrikuntza teknologikoen mehatxuen aurrean. Modu laburrean esanda, Orwellen 1984 eleberria egia bihur ez dadin izan du xede.

Oro har, egitura indartsua dugu esku artean egun; haatik, DBEOk ez du izan teknologiek bezain beste garapen, gihartsua izanagatik. Hartara, denborak aurrera egin ahala, arau berri bat beharrezkoa izango zaigu; badirudi, alabaina, ez dugula berri bat edukiko, harik eta egungoa zaharkituta gelditzen ez den arte. Nork daki, hainbeste dira berrikutntza teknologikoak, ezen DBEO 2.0 bat heltzear egon daitekeen.

Ikastea benetan merezi duen gaia dugu guzti hau: irakasleek zeharkako modu batez irakats dezaketena, haren ikasgaiaren barruan txertatze soilaz. Datuak babestuz, pertsonak babestu.