Esparrua: Kazetaritza



Asko dira, eta askotarikoak, informazioak gizartearengana iristeko topatu dituen bideak. ____k 2020 urteko lehenengo lauhilekoan argitaratutako datuen arabera, minutu bakarrean WhatsApp bidezko 4 milioi mezu inguru bidaltzen dira munduan; 300.000 Instagram Story partekatzen dira;  eta 300 bat profil sortzen dira Twitter-en. Nabarmen gora egin dute TikTok sare sozialak edo Zoom, Skype zein Classroom-en gisako bideo bidezko aplikazioek ere, udaberriko konfinamendutik aurrera, bereziki. 64



Ukaezina da: kazetariok informazioaren monopolioa galdu dugu, inoiz geurea izan bada (eta bai, osasungarri deritzot aldaketa horri). Era berean, ikus-entzunezko sortzaileek entretenimenduaren monopolioa galdu dute, guztiok baikara, egun, ikus-entzunezko sortzaile. Baina gauza bera al dira informazioa eta entretenimendua? Kolokan jartzen da, sarritan, interneten sehaskan jaiotako pertsonaia ugariren barre eragiteko ahalmena. Bitartean, sutea bailiran hedatzen dira fake news direlakoak edo gertakari errealak laguntzen dituzten erdipurdiko interpretazioak. 122



Egun, lihoa bezain fina da zenbait kontzeptu jaioberriren arteko muga. Zaila gertatzen da neologismoen definizio zehatza ematea eta, gainera; sobera ezagunak genituen hitzen definizio berriak ere asmatu behar izaten ditugu, azkenaldian. Esate baterako, zer da zinema? Esperientzia zinematografikoa, akaso, bere osotasunean: alegia, zinema-aretora gerturatzea, pantaila handiaren ikusgarritasuna, krispeten zaporea bera. Baina baliteke Netflix bezalako plataforma batean jaurtitako azken estreinaldia ere, publikoak etxeko besaulkian soilik gozagai izango duena, zinema izatea. Kazetaritza zer den galderaren aurrean ere, halabeharrezkoa da eztabaida. Kaletik zihoan pertsona anonimo bat gertakari garrantzitsu baten lekuko izan daiteke ustekabean, eta horren argazkia Twitter-era igo. Informazioa mundura igortzearen funtzioa beteko du, orduan, txoriaren sareak; baina kazetariaren paperak bestelakoa behar luke. Erabiltzaile anonimo horrek partekatutako txioa edo hedabide ezagun batek, titularra labur adierazita, albisterako esteka irakurlearen eskura jartzen duena nolabait desberdindu beharko lirateke, fidatzeko iturri baten aurrean gaudela frogatze aldera. 270



Arestian aipatutako ikerketa berdinaren arabera, mundu mailako 18 eta 25 urte bitarteko gazteen % 75ak sare sozialen bidez jaso ditu aurtengo gaurkotasunaren nondik norakoak. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak ere ikerketa sakona kaleratu zuen duela lau hilabete: Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko zenbait adituk eta komunikatzailek gazteriaren sareko jokabide eta joerak aztertu zituzten, Euskal Autonomia Erkidegoan portzentaje hori % 88ra igotzen dela ebatziz. Datu horiek, unera arte ez-ikusiarena egin badugu ere, bagenekienaren erakusle dira (aspalditik, gainera): iraultza teknologikoak ez du atzera egingo, Web 5.0 delakoaren garaian erabat murgilduta gaude eta. Jadanik ez da papereko hedabideen online bertsiorik planteatu behar, izaera multimedia erakutsiko duten hedabideak baizik; papera eta sareko euskarriak, ikusizko edukiak, entzunezko edukiak eta elkar-eragina edo feedback-a uztartuko dituztenak. Kazetari berriaren profila zeharo aldatu da, eta ordenagailu bat erabiltzen jakitetik askoz urrunago dago.



Hurrengo belaunaldiei begira, fokua informazioaren trataera, kudeaketa eta interpretazioan ipintzea da gakoa, nire aburuz. Kazetaritza-eskoletan ez ezik, oinarrizko hezkuntza-mailetan ere mintzagai bihurtu behar dira horrelakoak, haurrek goiz ikas dezaten egunero bonbardatzen dizkiguten edukiak era egokian deskodetzen. Orain arte, munduan gertatzen ari zena zabaltzeko eta jakinarazteko tresna izan da kazetaritza: gertakariaren eta kontsumitzailearen arteko zubia. Jendeak inguruan gertatzen ari zena ulertzeko tresna bakarra zituen egunkariak, geroago irrati eta telebistak. Informazioaren demokratizazioak, ordea, bestelako beharrak eta erronkak utzi dizkigu mahai gainean.