Udako oporrak atzean geratu dira, eta, konturatu orduko, ikastaro berria ate joka dugu. Unibertsitatean arituko garen guztiok irrikaz gaude erronka guztiei aurre egiteko asmoz. Erronkok hamaika izanagatik, zalantzarik ez dago gaindituko ditugula. Ondo dakigunez, zentro honetako eskaintza nagusia hizkuntzekin loturikoa da: batzuk dira bertan ikas daitezkeen filologiak eta horiei dagozkien espezialitateak.



Aurreko urteetan bezala, ahal den neurrian bada ere, Euskal Filologia indartzen jarraitzeko asmoa dugu, etxe honetan, inolako ezbairik gabe, gure hizkuntza eta kultura lehenesten baititugu. Hori lortze aldera, ikasgaien eskaintza handitu nahi dugu, eta horretarako, ezinbestez, irakasle berriak kontratatu dira, horietako asko bertan formakuntza jaso dutenak. Ikasgai berrien artean, aipatzekoak dira gure hizkuntzaren pedagogia bultzatzen dutenak, ahaztu barik, beste zenbait alderdi jorratzen dituzten horiek.



Euskal Filologia nola indartu dugun azalduta, aipatzekoa da beste filologia batzuk ere osatu ditugula irakasleok, berezko helburua baitugu zuek, ikasleok, ikasgai guztietan ahalik eta oinarri sendoena eskuratzea. Horien artean, Filologia Klasikoan egindako hobekuntzak azaldu nahi nituzke. Orain arte, beste unibertsitate batzuetan bezala, latin hizkuntzari eman zaio lehentasuna. Edonola ere, oinarria izan da latin klasikoa. Ikasturte honetan, filologia honetako ikasleok ikuspegi orokorragoa izan dezazuen, hizkuntza hau mendeetan zehar izan duen bilakaera ikasteko aukera izango duzue. Ezin da ahaztu Euskal Herria mailan euskarak duen garrantzia bera izan duela latinak Europan.



Bi hizkuntzok aipatuta, gaztelania ikastera animatzen zareten horiek gutxi ez zaretela ondotxo dakigunez, Filología Hispanica deritzona ez dugu ahaztu. Filologia horri dagokionez, hizkuntza bera ikasteaz gain,  gaztelaniaren literaturan ere murgiltzea izango duzue. Aurten, literatura garaikideari duen besteko garrantzia aitortu nahi diogu. Hori horrela, eremu horretan egin diren azken ikerketen berri izango duzue..



Hizkuntzalaritzan dihardugun irakasleok urtero saiatzen gara etxe honetako eskaintza indartzen. Horretarako ezinbestekoa zaigu berrikuntza. Hizkuntzen mundu honetan guztia ezagun dugula lirudikeen arren, ez da horrela, ezta hurrik eman ere. Aurten zuen gogoko izango den eskaintza berezi batekin gatozkizue. Oraingo honetan hizkuntza moderno bat da esku artean dakarkizueguna. Hizkuntza berria bezain berritzailea: esperantoa, hain zuzen ere. Ehun eta gutxi urte badu ere, tresna bikaina da: haren arauak barnera errazak izan arren, komunikatzeko ematen dituen aukerak aunitz baitira. Esperantok, beraz, ez dauka itzalik: ezin azkarrago ikas daiteke, eta, kultura zehatz bati lotzen ez zaionez, esan genezake gizaki guztion hizkuntza izan litekeela. Horixe uste du Nazio Batuen Erakundeak. Arrazoi ezin bikainagoa zuek ikasgai honetan ere trebatzeko.



Ikus daitekeenez, hizkuntzalaritza anitza bezain zabala da. Hogei dira esparru honetan eman ditudan urteak; hala ere, hasieran bezain motibatuta ikasten dut, jarraian zuoi, ikasleoi, ikasitakoa transmititu ahal izateko. Hurbiletik ezagutzen ditut aipatu berri dizkizuedan ikasgai batzuk horien ardura hartuko baitut; aurten, lau hizkuntzon hainbat alderdi irakatsiko ditut. Erronka ez da makala, baina beti bezain gogotsu jarduteko prest nago, horrexegatik espero dut zeuek ere grina berarekin aritzea. Aurtengo ikasturtea  guztioi, irakasle zein ikasleoi, abentura zirraragarria gerta bekigu!