KAZETARITZA
Izenburua: Euskarazko toki hedabideen garrantziaz
Jaun-andre agurgarriak:
IÃ±aki naiz, kazetaria. Jakiundek sortu berri duen beka egitasmoaren karietara zuzentzen natzaizue nire proiektua helarazteko. Zuen atari digitalean deialdia ikusi eta gero, bertan jasota dauden oinarri arautzaileak onartu eta aintzat hartzen ditudala adierazten dizuet. Litekeena da lan batzuk jasota izatea, halere, har ezazue, mesedez, tartea nire proposamena aztertzeko.

Proiektua aurkezten hasi aurretik, aipatu behar dizuet erakundearen ezagutza arloak hedatzeko duzuen kezka neure egiten dudala, eta horregatik, beharbada, erabaki dut egitasmo honetan parte-hartzea euskarazko toki hedabideak erdigunera ekarrita. Izan ere, mintzagai ditugun komunikabideek aurrera egiteko zailtasunak dituzte bitartekoen eskasia dela eta. Administrazioak ezin lezake egiten duena baino gehiago egin euskarazko prentsa lokala babesteko, besteak beste, industria sektorea bultzatzea lehenesten delako. Toki hedabideak finantzabide propioak sortzeko ahaleginak egiten ari diren honetan, ohore handia litzateke zuen languntzaren bidez nire alea jartzea tokiko kazetagintzak aurrera egin dezan. Era horretara, beraien sarea sendoagoa izango litzateke eta, beraz, Jakiundek gizarteratu nahi duena hartzaile gehiagorengana iristea ahalbidetuko luke.

Prentsa guztia da beharrezkoa, baina argi eduki behar dugu euskarazko kazetagintzan bi multzo bereizi behar ditugula. Batetik, komunikabide nazionalak edo jeneralistak dauzkagu (EITB, Berria, Argia, Hamaika telebista...), euskara dakiten herritarrei euskara batuan zuzentzen zaizkienak. Bestetik, euskarazko toki hedabideak ditugu: Tolosaldeko Ataria, HITZAK, UZtarria, Oizmendi telebista eta abar. Eskualdez eskualde, herriz herri edota auzoz auzo sortzen den informazioa eskaintzen dutenak dira, eta babestu egin behar ditugu, izan ere, funtsezkoak baitira gurea bezalako hizkuntza gutxituentzat. Hizketagai ditugun komunikabideek tokiko hizkerra erabiltzen dute, eta hau ere altxor preziatua da, askotan euskara batua elikatzen duena.

Mintzagai ditugunak, bakoitzak bere euskalkiari eusten dio gertuko errealitatea komunikatzeko: nork berea. Egun, 60 hedabidek osatzen dute Euskarazko Toki Komunikabideen Elkartea (TOKIKOM). Sare horretan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako kazetak, irratiak, aldizkariak zein telebista kateak topa ditzakegu, eta euskalgintzaren aditu askoren aburuz, oinarri-oinarrizko azpiegitura da euskarazko edukien ekoizpenean, hala euskarri digitalean, nola tradizionalean. Guztira, berrehunetik gora profesionalek dihardute komunikabide horietan.

Aurreko mendearen hasieran, aldiz, errealtitatea bestelakoa zen. Izan ere, kazetari gutxi batzuen artean egiten zuten Zeruko Argiaren alea, orduko euskarazko hedabide bakarra zena, eta euskarazko kazetagintzaren aitzindaritzat jotzen dena. Pixkanaka-pixkanaka aldizkariak zoildutako zenbait profesionalek proiektu berriak abiarazi zituztela, adibidez, Arrasate Press astekaria. XX. mendeko 80ko hamarkadan sortua, haren sorreraren inguruan dio Joxe Arantzabalek, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientzien Fakultateko irakasleak, Euskal Herri Prentsaren (EHP) fenomenoaren abiapuntua izan zela.

Euskarazko prentsa lokala, jeneralista ez bezala, nahi adina hurbildu daiteke albistera. Indargune horri eutsita, toki hedabideek aurrera egitea lortu dute beraien ibilian askotariko krisialdiak (politikoak, ekonomikoak...) pairatu dituzten arren. Balio sozial handia (euskararen normalkuntzarako, gertutasunerako, integraziorako, transmisiorako edota egituraketa sozialerako, esate baterako) edukita ere, irauteko indar justua izaten dute askok eta askok. Hein batean, finantzaketa eredua horren erantzule izan daiteke.

Diru iturrien mahaiak, gaur-gaurkoz, hiru hanka ditu: harpidedunak, publizitatea eta dirulaguntzak, denetan garrantzitsuena. Aitzitik, euskarazko toki hedabideak ezin dira horri begira izan, erakundeek zer eskainiko duten zain geratu. Horren aurrean, proiektu berritzaileak behar dituzte komunikabideen etorkizuna bermatzeko, bitarteko handiagoak izateko eta erredakzio geletako profesionalei soldata duinak eskaintzeko.

Egiari zor, nire proposamenak diru sarrerak handitzen lagundu dakieke. Horretarako, Netflixek ezarri duen ereduari erreparatu diot. Plataforma arrakastatsuak mundu osoko ikus-entzunezkoak jarri ditu gure eskura. Ideia hau ardatz hartuta, beka emango bazenidate, euskarazko toki hedabide guztien edukiak bilduko lituzkeen webgunea abian jarriko nuke. Hedapenerako kanal bateratua izango litzateke, udalerrika edo euskalkika sailkatuta. Atariak diru sarrera handiagoak eskaini liezazkieke toki komunikabideei, eta horretarako, web-orrialdeak, ezinbestean, harpidedunak beharko lituzke.

Prezioetan kontsumintzailearentzat errentagarritasuna bilatuta, sistemak (saretik kontratatu daiteke) nahi adina eduki deskargatzeko aukera eskainiko luke hileroko ordainketa txiki baten truke. Tokian tokiko ezaugarriei erantzuten dien arkitekturan sinesten den bezala, eskualde nahiz herri mailako errealitatea jasotzen duten hedabideen papera aintzat hartu beharko genuke.

Proiektuaren inguruko zenbati zertzelada emanda, jakin ezazue prest nauzuela zuekin aurrez aurre hitz egiteko. Era berean, beharrezkoa baderitzozue, gustora xehetuko nizueke nire proposamena ebazpena eman aurretik. Edozelan ere, azken hitza zuena da. Eskerrik asko eskaini didazuen arretarengatik.

Adeitasunez, 
2020-6-16
