ITZULPENGINTZA



Parada ederra eman digu aurtengo Zertan Da Euskal Itzulpengintza Digitala biltzarrak azken aldian gure arloak bizi duen iraultza digitaleko gorabeheren berri izan eta emateko. Ez da txikia biltzar honek eskaini digun egokiera, alde batetik, gaitasun berrietan trebatzeko eta, bestetik, azken joera teknologikoak zerbait eta gehiago ezagutzeko. Nahitaezkoa dugu hori, merkatuak estutzen gaitu, eta teknologia berriak indarrez sartu dira.



Itzultzaileen kinka horretan, saretzearen garrantzia handia da. Joan dira garai batean bolizko dorreko gela ilunetik testu luzeak bakarka ontzen zituzten itzultzaileak, eta hala internetek nola telefono mugikorrek konexio etengabean jarri gaituzte. Era horretan, saretu egin gara, urruneko lankidetza ere areagotu egin da, baina batez ere aldatu egin da lan egiteko modua. Hor kokatu behar da biltzar honen garrantzia. Nola egingo dugu atzean ez geratzeko? Nola atera etekina batzuetan hertsagarri ikusten dugun iraultza teknologikoari?



Euskal Herriko, Europako eta, are, beste hainbat bazterretako profesionalak eta adituak bildu ditugu gai horien berri zehatzagoa emateko. Ikuspegi desberdinak jorratu dituzte, zeinek bere espezialitatetik: enpresaburuak bertaratu dira, administrazioko arduradunak, teknologian adituak eta, batez ere eta nagusiki, itzultzaileak. Diziplinarteko gai bihurtu baita itzulpengintza, eragile askoren partaidetzaz. Mugak joan dira eta nazioarteko merkatuak gugana heldu dira, zabalik dira ateak. Horrek aukerak ireki ditu, baina baita beldurrak piztu ere.



Itzulpegintzan indar berezia jarri zaio gailendu egin den itzulpen motari: administratibo eta komertziala. Ezin da gutxietsi, hargatik, hezkuntzak arlo honetan duen presentzia garrantzitsua. Ia urtero berritzen dira hezkuntzako testuak, eta argitaletxeak presaz nahi izaten dute emaitzak ikusi. Kantitatez ez da txikia hezkuntzak ematen duen lan karga, eta itzultzaileak fin aritu behar dira: gaia ezagutu eta komunikatiboak izan. Ez da lan samurra askotan, arlo desberdinetako askotariko eragileak sartzen baitira jokoan testu baten produkzioan eta argitalpenean: testu-sortzailea dago, itzultzailea dator gero, maketatzaileak sartzen du muturra geroago eta, azkenik, testuaren erabiltzaile izango diren hezitzaileak daude. Protokoloak findu behar dira, kalitatezko emaitza bermatzearren.



Literaturako itzultzaileek, guztizko produkzioan gero eta toki gutxiago duten arren, teknologiatik tira egiten dute haiek ere, beharrezko dute. Itzulpenerako bitarteko digitaletan, lehen iraultza handia interneteko hiztegiak izan ziren: bukatu ziren hiztegi astunak eta orriz orriko bilaketa analogikoak. Hiztegi digitalek erosotasuna eta abiadura ekarri ziguten. Gero etorri ziren itzulpen memoriak, haien bitartez testu errepikakorrak behin eta berriz sartzea eta modu desberdinean itzultzea saihestuz. 



Horiek aurrerapen handiak izanagatik, itzultzailearen rola bera da orain jokoan dagoena. Interneten zabaldu eta nagusitu egin dira itzultzaile automatiko neuronalak, eta findu egin dituzte orain arteko itzultzaile automatiko estatistikoak, corpus handietan oinarrituak. Ez da hizkuntza germaniarren edo latinoen itzulpen konbinazioei bakarrik dagokien kontua: itzulpen neuronalak euskarara heldu dira, eta ataka batean jarri dute itzultzailearen lanbidea, edo hori da, bederen, lanbide horretako hainbat profesionaletan zabaldu den irudipena. Zein da, beraz, itzultzaileoi aurrerantzean geratzen zaigun rola? Testu-ikuskatzaile lanak gero eta indar handiagoa du. 



Biltzar hau auzi hori eta beste batzuk argitzen saiatu da. Oso lagungarri izan zaizkigu itzulpegintza bideratzen duten askotariko eragileak eta haien partaidetza egungo apustuak hobeto ulertzeko; zirkunstantzia berrietara egokitzeari begira, bidea apur bat zelaitu digutelakoan gaude. Hurrengo urteko biltzarrean, auzi horietan sakondu ahal izango dugu, eta gai berriak ekarri.