Zuzenbidea
Izenburua: Atxiloketa inkomunikatua lantzen
																
Miren Artetxe Goti
Jakiundeko beka egitasmoko arduraduna
Barakaldon, 2020ko ekainaren 16an
Arduradun hori:

Jakiunden hainbat espezialitateko beka-egitasmoa sortzeari ekin diozuela irakurri dut zuen webgunean. Zinez interesgarria iruditu zait ekimena. Horregatik, nire hautagaitza aldeztera eta eskabidea egitera natorkizue.

Atxiloketa inkominikatuaren  gaia sustatzea eta lantzea gustatuko litzaidake. Izan ere, Euskal Herrian ezaguna den araudia izan arren, sakontasunez ezagutzen ez dugun eraentza dela uste dut. Baina zer da atxiloketa inkomunikatua? Funtsean, ohiko atxiloketeri aplika dakiokeen erregimen berezia da, legeak berariaz aipatzen dituen kasuetan soilik ezar daitekena. Atxilotu orori dagozkion oinarrizko eskubideak mugatzeko beta ematen du, baita atxiloaldia luzatezko aukera ere. Hala, orotara, bost egunera artekoa izan daiteke askatasunik gabeko egoera (gainontzeko kasuetan, gehienez, 72 ordukoa da).
Jakina den legez, ETA talde armatuaren aurkako jardunean, sistematikoki aplikatu izan den araudia da. Are gehiago, aipatutako taldea desagerrarazteko sortu zen aztergai dugun eraentza. Hala ere, asko dira erregimen prozesalaren legezkotasuna zalantzan jarri dutenak, hala nola: Nazio Batuen Erakundea eta Torturaran Prebentziorako Europako Batzordea. Ildo berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zortzi aldiz kondenatu du Espainia inkomunikaziopean egindako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Hauen guztien aburuz, atxiloketa inkomunikatuak atxilotuen oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Hori dela eta, askotan galdatu diote espainiar legegileari eraentza hau indargabetzeko. Konstituzio Auzitegiak, ordea, hainbatetan adierazi du araudia bat datorrela Espainiako konstituzioarekin eta, hortaz, ez dagoela hura deuseztatzeko inolako arrazoi juridikorik.

Aipatutakoagatik, atxiloketa inkomunikatua sakontasunez aztertzea gure herriko historia ezagutzeko baliagarria izan daiteke. Araudiaren gabeziak aztertu, iraganeko zauriak itxi eta etorkizunari ilusioz erreparatzeko.

Gainera, egungo Kataluniako testuinguru sozio-politikoa ulertzen lagun diezaguke. Izan ere, Auzitegi Nazionala zenbait eragile sozial katalanen jarduna auziperatzen hasi da terrorismo delitua egotzita. Horregatik, memento aproposa da atxiloketa inkomunikatuaren gaia lantzeko, iragana ulertzeaz gain, oraina konprenitzeko ezinbestekoa delako. Horrela, araudiaren legezkotasunaren inguruko eztabaida berpiztuko dugu eta giza eskubideen defentsa lehen lerroan kokatu.

Azaldutako guztiagatik, beka proiektu bat martxan jartzeko erabiliko nuke: atxiloketa inkomunikatuak zein ondorio edo eragin sortzen duen aztertzeko, hain zuzen ere. Bi eremu landuko lirateke aipatutako ikerlanean: batetik, eraentza honek atxilotuei sorrarazten dizkien kalte psikologikoen zehaztapena. Bestetik, eremu juridikoan, atxilotuen defentsa eskubidea urratzen ote den ondorioztatzea.

Zorionez, Euskal Herrian, badago giza eskubideen alorrean jakituna den jende andana. Eta, noski, horiek guztiek proiektuan parte hartzea gustatuko litzaidake. Hasteko, Pako Etxeberria, auzitegi-medikua. Eusko Jaurlaritzaren eskariz egindako azterketan, inkomunikaziopean jazotako 4000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu zituen. Etxeberria izango litzateke, beraz, arlo psikologikoa lantzearen arduraduna. Horrez gain, eremu juridikoan, Ana Perez eta Laura Pego azpimarratu nahiko nituzke, abokatuak eta giza eskubideen gaian adituak. Nazioartera ere joko nuke, instituzio, Erakunde zein elkarte ugarik landu baitu gaia eta horien guztien laguntza funtsezkoa litzateke.

Horrenbestez, beka emango bazenidate, proiektua sustatzeaz gain, giza eskubideen defentsan jardungo zenukete. Finean, oinarrizko eskubideak baitaude proiektuaren muinean. Batik bat egoera zaurgarrian daudenak. Maiz, ikusezinak diren horienak: atxilotu zein presoenak. Nago guztioi dagokigula giza eskubideen alde lan egitea, babestea, bermatzea. Zentzu horretan, Jakiunderen beka-egitasmo hau pizgarri eta bultzada izugarria izan daiteke.

Besterik gabe, proposamena zuen interesekoa izango delakoan,

Adeitasunez,
