BIOLOGIA



Erle beltzaren dibertsitate genetikoa mantentzeko eta M leinuko subespezieak hobetzeko, Europa mailako bi egitasmotan dihardu EHUk.



Munduan 22.000 erle-espezie inguru badago ere, gurean bertakotutakoa M leinukoa da, erle beltza izenez ezaguna. Talde horrek bi subespezie biltzen ditu: Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberiensis. Lehenengoa Europan zehar hedatuta dago; bigarrenak izena eta izana zor dizkio iberiar penintsulari; izan ere, azken glaziazioan, bertan babestu zen hotzetik, eta botila-zama fenomenoak espezie berriari eman zion bide. Egun, endemikoa da bertan.



HIBRIDAZIOA ETSAI 



Azken urteotan, baina, erle beltzaren banaketa-eremua nabarmen murrizten eta zatitzen ari da; hala jakinarazi du Andone Estonbak, EHUko Antropologia Fisikoa, Genetika eta Animali Fisiologia Saileko katedradunak. Gainbeheraren erantzule ugari badago ere, ororen gainetik, hibridazioak jarri du hari batean gure erlea. Joan den hamarkadan, Varroa jacobsoni patogenoak eragindako barroasia gaitzak kinka larrian jarri zituen bertako populazioak, eta euren erlauntzei hauspoa eman nahian, Europa ekialdeko indibiduoak inportatu zituzten erlezainek. Ale arrotz horiek, ostera, beste lerro ebolutibo batekoak ziren (C leinukoak), eta, ezinbestean, kolonia hibridoak eratu ziren. Horren kariaz, higadura genetiko kezkagarria ari da nozitzen, gaur, etxekoa.



Gene-nahasketak soka luzea dakar: subespezieak berezkoak dituen ezaugarriak galdu egiten ditu, eta, horrekin batera, tokian tokiko aldaketei modu eraginkorrean erantzuteko ahalmena galtzen du ekotipoak. Izan ere, intsektu horien ziklo biologikoa sinkronizatuta egon ohi da ingurune jakin bateko klimarekin eta landareen fenotipoarekin. Bestela esanda, hibridazio genetikoak galbidean jarri du ezti-ekoizlea.



ERLEAREN ITXAROPENA



Egoeraren larritasunaz jabetuta, bi egitasmo taxutu dituzte Europan: Smartbees eta Beehope. Erlearen biziraupena jomugan, aldakortasun genetikoa mantentzen eta subespeziea hobetzen ahalegintzen dira genetikariak eta erlezainak, elkarlanean. Estonbaren lan-taldeak bi proiektuetan hartzen du parte, eta helburu bera izanagatik, ekiteko modu ezberdinak dituztela dio. Smartbees-en elkarlanean gabiltzan 16 unibertsitate, laborategi eta enpresek ezaugarri genetiko onuragarriak atzematen ditugu, gurutzaketak egin eta belaunaldi sendoagoak lortzeko; bizirauteko berme handiagoak dituzten aleak sortzeko. Bestelakoa da Beehope-n jardute-eremua: erle-populazioak euren kabuz indartuko diren peskizan, gizakiaren esku-hartzerik eta txikienean datza. Horretarako, hibridazio-maila txikiko populazioak kontserbazio-guneetan lekutzen dituzte: kutsadura genetikotik urrun eta orografia egokiaren babesean. 



EKOLOGIAREN ETA EKONOMIAREN ZUTARRI 



Lurra biodibertsitatea bortizki galtzen ari den honetan, ezinbestekoa da polinizatzaileen artean errege den intsektuari babesa ematea. NBEren arabera, erritmo bizian ari da gertatzen galera hori; halako moldez non, egunean, 150 espezie desagertzen diren. Askatzen ari den kate horretan, funtsezko katebegia da erlea, planeta mailako interes ekologikoa duen zerbitzua eskaintzen baitu: munduko landareen %90ek bere beharra du fruituak emateko. Hala, haren menpe daude elikadura-segurtasuna eta oreka ekologikoa. Hari-mutur ekonomikoa ere badu aferak, nekazaritzako finantza-orekan eragin zuzena duenez gero. FAOren arabera, entomofiliaren menpeko  kultiboen urteko onura ekonomikoa izugarria da: 265.000 milioi eurokoa mundu mailan, 22.000 milioi eurokoa Europan, eta 32 milioikoa EAEn eta Nafarroan. Argi dago, hortaz, ez direla nolanahikoak erlearen galerak lekarzkeen alboko kalteak. 



Hondamendia saihestu asmoz, ikerketa-lanetan darrai Estonbak, M leinuaren kontserbazioan, dibertsitate genetikoa mantentzea eta subespeziea ontzea baita giltzarria. Norabide horretan, ezinbestekoa da erle beltzaren genetika sakonki ezagutzea; bada, bi proiektu horiei esker, etorkizun eztiagoarekin egin dezakegu amets.
