Hirigintza.



                                                                         PAISAIA 0 KOTATIK



Laburpena: Paisaia kontzeptu kulturala da, eremua hautematen duenaren araberakoa. Hori dela eta, erabilitako pertzepzioen arabera inguruaren irakurketa ezberdina izango da. Haurrek, esaterako, hirian zehar barreiatzeko duten modua erabat esanguratsua da, oraindik ez baitute denboraren ezta arauen kontzeptu sakonik garatzeko denborarik izan. Gainera, irakurketa orokor bat egin beharrean, gertutasunetik esploratzen dute ingurua, zentzumenen hierarkia argirik gabe. Ondorioz, 0 kotatik, zorutik duten hiri paisaiaren ikuspuntua erabat ezberdina da helduok dugunarekin alderatuta.



Gako-hitzak: Hirigintza, paisaia, ikuspuntua, haurrak.







Historikoki paisaia natur inguruneekin erlazionatu izan dugu, definizioz kontzeptu kulturala dela onartua den arren. Azken hamarkadetan giza natur dikotomiatik aurrera pausua eman dugu eta naturak, gizakiak edo bien hartu-emanak eragina izan daitekela finkatu da. Are gehiago, Europako Paisaren Babeserako legearen bitartez gure inguruko hainbat eremu identifikatu, sailkatu eta babestu ditugu: natur inguruneak, paisai industrialak, kosta eta abarretako paisaiak,... Bakoitza bere ezaugarri eta berezitasunekin. Hala ere, katalogotik haratago, paisaia bera definitzen duen osagai bat ahazten dugu maiz. Paisaia definizioz hautematen duenaren araberako da, sujetiboa alegia. 



Gure gain dago egiten dugun pasaiaren irakurketaren izaera eta esperientzia erabat ezberdina izango da bakoitzaren kasuan, guztietan hiru faktorek eragingo duten arren. Lehenik eta behin, abiaduraz mintzatu gintezke. Izan ere, alde nabarmena dago leku beretik hegazkinez, autoz edo oinez igarotzen garenean. Izan ere, gure ikuspuntuaz aldatzeaz gain, ingurutik jasoko dugun detaile maila ere aldatuko da. 



Bigarrenik, eta abiadurarekin hertsiki lortuta, inguruaren ezagutza maila edo honek pizten digun kuriositatea aipatu genezake. Eraginkortasuna erlijiotzat dugun garai honetan, mugikortasuna ez da (aldagai). A puntutik B puntura joateko ibilbide laburrena aukeratu ohi dugu, behin eta berriz eskola edo lanetik etxerako bide berbera errepikatuz. Horretaz gain, kalearen alde berdinetik joaten gara, bidegurutze berean itxaroten dugu, inguruko elementu berdinei egiten diegu jaramon, beste askotaz sekula jabetu ez garen arren. Seguru batek baino gehiagok sumatzen zuela hiria itxialdiaren ondoren, azken hamar urteetan leku berean egon diren zuhaitz eta bankuez lehendabizikoz jabetuz. 



Azkenik, pertzepzioak egongo lirateke. Zentzumenen bitartez irakurtzen dugu paisaia, eta orokorrean, helduok ikusmena izaten dugu nagusi. Pasaia behatu egiten dugu, usaindu, ukitu, dastatu eta entzun beharrean. Ein handi batean horregatik ateratzen ditugu oporretara goazenean horrenbeste argazki, irudiaren bitartez gogorarazten baititugu lekuak. 



Haurren ikuspuntua berriz hain da desberdina. Ez dute tradizio ezta kulturaren kontzeptu erroturik, eta beraz nekez ulertuko dute presa eta eraginkortasun bezalako hitz potolorik. Aldiz, zentzumenen bitartez mugitzen dira munduan zehar. Are gehiago, oraindik ez dutenez hauen hierarkia oso garatuta, garrantzia antzekoa eman diezakete ukimenari, ikusmenari, dastamenari, entzumenari edo usaimenari. Maiz, ingurua eskuekin esploratzen dute, materialtasunetik, gertutasunetik. 



Hau guztiagatik, haurrek paisaia elementu konkretuen segida bezala ulertzen dute, ikuspuntu orokor batetik ulertu beharrean. Eta horrela exploratzen eta bizitzen dute hiria, gertutik. Laburrean, zein ezberdina den hiria haurren ikuspuntutik edo hobeki esanda paisaia 0 kotatik.