Iraila dugu berriz ere. Berehala ikusiko dugu Gasteizko kanpusa ikaslez beteta denon gozagarri. Zirrara berezia sentitzen dut fakultate inguruan ibiltzen naizenetan eta ikasleen arteko eztabaida mamitsuak entzuten ditudanean; denboran bidaiatzea ahalbidetzen dit; nire ikasle eta ikerle garaiak gogora ekartzen dizkit, beti mundua konpondu nahian. Hori dela eta, niretzat ohore handia izan da zuei, ikasleoi, ongi etorria ematea testu honen bidez, EHUk eskatu  bezala; arrazoi askorengatik idatziko ditut oso gustura datozen lerro hauek,  batez ere, zuek zaretelako etorkizuna eta gizarte hobe baten alde egingo duzuenak, denon etorkizuna eraikiko duzuenak.



Etorkizunean pentsatu bai, baina betiko balioak ahaztu gabe. Gogoratu unibertsitateak ikasketa eta ikerketa lan munduarekin uztartu nahi izan dituela beti. Aurten, inoiz baino gehiago, enpresa pribatu eta publikoekin lankidetza sustatuko du EHUk, bai zuen geroa, bai denona eraikitzeko. Eta, nola ez, ez dezagun aipatu gabe utzi hausnarketa eta kritikotasuna direla unibertsitatearen betiko habeak, beti ere, gizarte kohesionatu bati eusteko.



Etorkizunaren eta gure betiko balioen artean saltoka gabiltzala, kontuan izan 2021-22 ikasturtean , nire garaian ikasitakoa hizpide izango duzuen arren - ikuspegi garaikide batetik- , euskararen erronka berriei ere erreparatu beharko diezuela fakultatean. Hots, euskararen jatorria ikertu eta argitzen saiatuko zarete, hitz eta esamoldeen analisia gauzatuko duzue, Euskara Batuaren oinarriak landuko dituzue... Baina, esan bezala, euskarak XXI.mendean  daukan errealitatea ere  aztertu beharko duzue, unibertsitatearen eginkizuna hauxe baita: ikerketa,  errealitatean eragiteko eta erronka berriei aurre egiteko. Zeintzuk dira, beraz, euskarak gure gizartean dauzkan erronka berriak?



Ez da galdera samurra. Adizkari osoa erabil nezake eta ez dakit erantzuten jakingo nukeen; batzuk aipatuko dizkizuet, hala ere. Batetik, arlo batekin hastearren, arnasguneak ditugu hizpide azkenaldian. Horiek aztertu beharko dituzue, horien ezaugarriei buruz hausnartu, norabidea aurreikusi... Bigarrenik, gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta zabaltzeko gakoak ere antzeman beharko dituzue, hiztunak aktibatzeko, hain zuzen ere. Azkenik, gurean dugun beste errealitate bat kontuan izan beharko duzue nahi eta nahi ez: immigrazioa. Fenomeno horren ondorioz, kultur aldetik askotarikoa den gizarte batean bizi gara; hainbat jatorritako pertsona kopurua hazi da gure hiri eta herrietan. Euskararentzat etorkizun oparoa nahiko badugu, ezinbestekoa izango dugu gure artean bizi diren atzerritarrak euskara hurbiltzea. Horren inguruan hausnartzea eta hori lortzeko bidea zein den asmatzen saiatzea ezinbestekoa izango da ikasturte honetan, horrek ahalbidetuko baitu euskararen ezagutza zabaltzea, erabileran eragina izan dezan. Ez hori bakarrik,  kohesio sozialerako tresna ere izango da, gure gizartean gaur egun dauden bi talde ez sortzeko: lehen mailako herritarrak -zenbait lanpostutarako aukera dutenak, gizartearen talde hegemonikoaren parte direnak...- eta 2.mailakoak -besteok nahi ez ditugun lanpostuetan ari direnak, besteak taldearen barruan daudenak...-. 



Horrenbestez, aipatutako horiek dira, nire ustez, euskarak izango dituen erronka berriak, hastear dagoen ikasturte honetan aztertu beharko dituzuenak. Zuen hausnarketarako gai nagusiak izango dira; ea etorkizuna erakitzeko bidearekin asmatzen duzuen . EHUko ikasleak ezinbestekoak zarete mundu hobe baten eraikuntzarako, unibertsitatearen eraikuntzarako. Zer esan nahi dut horrekin? Denon lankidetza ezinbestekoa dela; izan ere,  EHUk prestatuko zaituzte zuek eraikiko duzuen etorkizunerako.