Hezkuntza
Izenburua: Hezkuntza-berrikuntza: beka-eskaera
Argia Alberdi Atxotegi
Hobekuntza Pedagogiko saila
Ikastolen Elkartea
Donostia
				Joxe Zuloaga Osoro
				Proiektu-koordinatzailea
				Jakiunde
				Bilbo
Zuloaga jaun agurgarria:

Argia nauzu, Ikastolen Elkarteko Hobekuntza Pedagogiko saileko arduraduna. Gutun honen bitartez, azken urteotan jorratu dudan planaren berri eman nahiko nizuke; izan ere, Jakiundek sortutako beka-egitasmoaren berri izan dut eta interesatuta nago. Nire hautagaitza aldezteko, aipatu dudan planaren nondik norakoak aurkeztuko dizkizut. Horrez gain, dirua zertarako erabiliko nukeen ere azalduko dizut.

Hamar urte daramatzat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokion Hobekuntza Pedagogiko sailean lanean. Duela bi uste, Ikastolen Elkarteak martxan jarritako proiektu baten bitartez, atzerrian izan nintzen, Bretainian. Hainbat Diwan-eskola ezagutu nituen eta bertan erabiltzen dituzten hobekuntza-mekanismoen berri izan nuen.

Han ikusitakoa geurera ekarri asmoz, HPIP 2030 sortu dut; datorren hamarkadarako Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorrerako Plana, hain zuzen. Plana lau adierazle nagusik egituratzen dute: curriculumak, ebaluazioak, inklusioak eta jasangarritasunak. Lau adierazle horien azterketa sakona eginez (100 item dira guztira), zentro edo eskolek euren egoera zein den jakin dezakete, eta berrikuntza zein hobekuntza-prozesuak martxan jarri.

Plana osatzeko ez dut Bretainiako esperientzia soilik erabili, geurean egindakoa ere baliatu dut. Ikastolen Elkarteak urteak daramatza hezkuntzaren abangoardian, punta-puntako proiektuak sortzen. Berrikuntza nahi badugu, ezinbestekoa da geure bideari ere so egitea, orain arte egindakoak ekarriko baitu berria.

Jarraian, Zuloaga jauna, lau adierazleen berri emango dizut, labur-labur. Lehenengoa curriculuma da. Tamalez, egun, DBHn, edukiak memorizatzera bideratzen ditugu ikasleak. Gazte konpetenteak nahi baditugu, konpetentzietan trebatu behar ditugu: egoerak landu eta haiek ebazten irakatsi behar diegu. Ikasleek autonomo eta burujabe izan behar dute, erabakiak hartzen ikasi.

Bestetik, ebaluazio-prozeduretan ere hobetu beharrean gaude; berritu egin behar dugu ebaluatzeko dugun era. Gaur egun, hezkuntzan, ebaluazio kalifikatzailea erabiltzen da; hau da, ikasleak jasotzen duen feedback-a zenbaki bat da. Diseinatu dudan planak ebaluazio hezitzailea proposatzen du, zenbakietan oinarritu ordez, hitzak erabiltzen dituen ebaluazio-modua. Ebaluazioa ez da hiruhilekoaren amaierara mugatzen, hiruhileko osoa irauten du. Askoz ere aberasgarriagoa da, eta baita justuagoa ere. 

Planak aintzat hartzen duen hirugarren adierazlea inklusibitatea da. Hezkuntzak inlusiboagoa izan behar du, ezin ditu bazte batean utzi sistemak onartzen ez dituen gazteak. Hiriak, gaur egun, irisgarriagoak dira; espazio berean aurke daitezke eskailerak, arrapalak, arrapala mekanikoak nahiz igogailuak. Hezkuntzak ere modu berean jokatu behar du: ikasgeletan lantzen diren jarduera zein proiektuak moldatu egin behar dira, onuragarriago bihurtu. Ikasleei euren gaitasunen araberako aukerak eman behar zaizkie. 

Azken adierazlea jasangarritasuna da. Egun, ezin uler daiteke iraunkortasuna aintzat hartzen ez duen berrikuntza-planik.
Eskolak jasangarria izan behar du. Kontzeptua bera eta haren lanketa curriculumean txertatzeaz gain, eskolaren kudeaketak jasangarritasunaren printzipioak jarraitu beharko lituzke. Gainera, eskolaren erabakitze-prozesuetan, komunitate osoaren partehartzea bermatzea adierazle horrek jasoko luke.

Hortaz, Zuloaga jauna, nire planak gure erkidegoko eskolei berrikuntza-prozesuak martxan jartzen lagunduko liekeela uste dut. Berrikuntza edozein gizarteren akuilua delakoan nago. Aurrera egin nahi badugu, hobeak izango bagara, berrikuntzaren bidea hartu behar dugu, ezbairik gabe. Horregatik, Jakunderen beka jasoko banu, HPIP 2030 gauzatzeko aukera izango nuke eta, bide batez, gure gazteen ikas-esperientzia hobetzekoa.

Azldutakoari interesgarri iritzi diozulakoan, jaso ezazu agur bero bat.

Ikastolen Elkarteko Hobekuntza Pedagogiko saileko arduraduna
Donostian, 2020ko ekainaren 16an
