ekonomia

            

                EKONOMIA, ERLIJIO BAKARRA?



Zerk biltzen gaitu? Zeren arabera erabakitzen dugu egunerokoan? Are gehiago, zerk erakartzen gaitu? 



Galdera potoloak badira ere, izenburutik abiatu bazarete, jakingo duzue ekonomia dudala hizpide. Hala ere, ekonomiak nahi adina aldaera edo adar baditu, bai noski. Beraz, artikuluan murgildu aurretik abiapuntua eta norantza zehaztuko ditut. 



Abiapuntua, DBH eta Batxilergoko Hezkuntzako Ekonomia Saileko Biltzarra dugu. Izan ere, Didaktika Sailean hurrengo plan estrategikorako curriculumak eguneratzen hastekoak dira eta Ekonomia Saileko Biltzarrari dagozkigun arloko ekarpenak albait arinen bidaltzeko eskaera luzatu digute. 

Norantza, aldiz, guztiz ezohikoa. Hau da, aurreko plan estrategikoetako curriculumetarako zuzendutako ildoetatik erabat bestelakoa. DBH eta Batxilergoko Hezkuntzako Ekonomia Saileko Biltzarrean luze eta zabal hitz egin ondoren, gure gazteen hezkuntza kalitatea etorkizuneko gizartean islatu nahi badugu, irakasleoi ere badagokigu gure alea ereitea. Irakasleriaren koherentzia eta erantzukizuna akaso.



Horregatik guztiagatik erabaki dugu Argiak eskainitako aukera paregabeari heldu, eta euskal gizartean kezka berdintsua duen edonori gure jardunbidearen berri ematea.



Ez dugu asmorik, inolaz ere, irakurlea teoria, formula eta bestelakoetan ito eta aspertzea, ez. Gure helburua esaldi bakarrean hurrengoa da: ekonomia sistemaren erdiguneko ardatzean aldaketatxo bakarra txertatzea alegia; mozkinen maximizazioa beharrean pertsonen ongizatea jartzea.



Ez da helburu makala arestian aipatutakoa pentsatuko duzue. Gu ere uste berekoak gara, ez pentsa. Egun ikastetxeetan oso agerikoa da ekonomia ikasgaiko edukiak ekonomia eredu bakarrera zuzenduta daudela, zehazki ekonomia eredu kapitalistara; non ekonomia ikasgaiak helburu nagusi bakarra duen, mozkinak handitzea. Hori da, 4 urteren buruan ikasleek hobekien barnertazen dutena. Egia esan, ez diegu hezkuntzatik alternatibarik eskaintzen. 



Horretara dator, bada, gure ekarpen xumea Hezkuntzako Plan Estrategikora begira. Badira ekonomia ikasgaia ikasteko bestelako aukera eta norabideak, egungoa baztertu gabe noski. Gure aburuz pentsaezina da egungo eredua baztertzea, bizi dugun sistemaren isla dugulako. 



Era berean, egungo ikasketa eredu hori osatu egin daiteke. Are gehiago, bestelako bideak, aukerak.... ikastea zilegi da. Zer esanik ez gaur egun bizi dugun ongizate estatu hauskorra (dela pandemia, dela muturreko hainbat ikuspegi politiko, dela krisialdia...) ikusirik. Horregatik guztiagatik, zergatik ez aletxoak ereiten hasi eta ekonomiako ikasgaietan pertsonen ongizatea erdigunera ekarri? Kalterik aurrekusten duzue? Ekonomia Biltzarraren ustez erabat gomendagarria izango litzateke aldaketak txertatzen hastea. Izan ere, gizartearen ongizatearen paradigma erabat desbideratuta dugu. Garaia da ulertzeko ekonomia gizartearen ongizatearen zerbitzurako tresna dugula, eta ez alderantziz. 



Bukaerari heltzeko, eta arestian aurreratu bezala, jakina da, zein dugun egungo sistemaren jaun ta jabe. Bada erlijio guztiak elkartuta baino botere handiagoa duela esaten duenik, ez dabil oker. Hortaz, egungo ekonomiako hezkuntza maila guztietan, bai DBHn bai unibertsitateko graduondoetan, bada behin eta berriz agertzen den esku ikustezina deritzona; hala ere espero dezagun esku horrek ez uztea bertan behera gure ekarpena curriculumari. Ekarpenak onartu ezean, beste erlijioren bat beharko ote dugu?
